Gizartea -
60. Urteurrena
700 emakume baino gehiago Australiara eraman zituen 'Marta Plana'-k 60 urte bete ditu
Gernika-Lumoko Udalak omenaldia egin die, Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan, 'Marta Operazioa' izeneko hitzarmenaren bidez emigratu zuten emakumeei.
EITB MEDIA
Gernika-Lumoko Udalak omenaldia egin die gaur 'Marta Plana'-ren bitartez emigratu zuten 700 emakume baino gehiagori, hitzarmenaren 60. urteurrenean. Bertan izango dira Australiara hegan egin zuten 7 emakume, beste 21 emakumeren senideekin batera.
'Marta Plana', 'Marta Operazioa' ere deitua, 60ko hamarkadaren hasierako Australia eta Espainiako gobernuen arteko migrazio-akordio bat izan zen, Eliza Katolikoak sustatua. Operazio horren ondorioz, 700 emakume baino gehiago eraman zituzten Australiara etxeko langile gisa aritzeko. Migrazio-itunak ezinbesteko baldintza bat ezartzen zuen lekualdatutako emakumeentzat: gazteak, katolikoak eta ezkongabeak izatea eskatzen zitzaien, azterketa mediko bat gainditzeaz gain.
Gernika-Lumoko Udalak Australiara joan behar izan zuten emakume guztiei omenaldia egitea erabaki du, plan honen pean hegazkinez egindako lehen bidaiaren 60. urteurrena dela eta. Omenaldian, Gernika-Lumon, Getxon eta Iruñean bizi ziren 7 emakume izan dira, eta Aragoiko, Euskadiko, Nafarroako eta Kantabriako beste 21 emakumeren senitartekoak ere bertaratuko dira.
Gainera, Gernika-Lumoko Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan honako ordezkari hauek ere gerturatu dira:
- Jose Julio Rodriguez Hernandez, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioko Espainiako Herritartasunaren eta Itzulera Politiken zuzendariorde nagusia.
- Gorka Alvarez Aramburu, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria.
- Jose Maria Gorroño Etxebarrieta, Gernika-Lumoko alkatea.
- Euskal Australiar Elkartearen eta Navarra Boomerang Australia Elkartearen ordezkariak.
Australiako Sydney, Melbourne eta Canberra hirietan ere antzeko omenaldia egingo zaie itzuli ezin izan zuten emakumeei.