Gizartea -

TURISMOA

Donostiak hotelak eta erabilera turistikoko etxebizitzak irekitzeko baimenak emateari utzi egingo dio

Ostatu erabilerak arautzeko Plan Orokorraren aldaketan oinarritutako neurria da, eta behin martxoko Udalbatzarrean onartuta sartuko da indarrean.

Hotel berririk gabeko guneak. EITB
Hotel berririk gabeko guneak. EITB
Hotel berririk gabeko guneak. EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak hotelak eta erabilera turistikoko etxebizitzak irekitzeko baimenak emateari utzi egingo dio, lantzen ari diren Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) onartu bitartean.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza Sostengagarriko zinegotziak eman dute neurriaren berri, gaur eguerdian. Esan dutenez, Udalbatzak onartzen duenean —martxoaren amaieran— sartuko da indarrean behin behineko araua, eta, gutxienez, urtebetez egongo da indarrean, harik eta behin betiko bihurtu arte.

Goiak esan duenez, hartutako erabakiaren helburua "jarduera turistikoa arautzea eta hirian hotel berriak irekitzeari mugak ezartzea" da. Bere hitzetan, "duela hamar urte hiriak defizita zuen hoteletako plazatan", baina "egoera politikoan izandako aldaketek eta mundu osoan gertatutako turismoaren hazkundeak hiriaren panorama aldatu dute".  Orain, erantsi du, "Donostiak ostatu emateko eskaintza nahikoa du eta hotel berrien irekiera mugatzeko unea da".

Gaur iragarritako neurriak, bi eremu bereizten ditu hirian. Alde batetik, Antiguo-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaetako hirigintza-eremu guztietan baimenak orokorrean bertan behera geldituko dira, "kalifikazioa zeinahi izan ere". Eta bestetik, hiriko gainerako eremuetan galarazpena "bizitegi diren lur-sailetarako" izango da.

Alde Zaharra neurri berritik kanpo gelditu da, eremu horretan 2020tik mugatuta dagoelako ostatuen erabilera.

Halaber, arauak ez du eraginik izango kanping eta landetxetan.

Eustaten 2022ko datuen datuen arabera, Donostian 162 hotel eta pentsio daude egun, eta horietan 3.825 gela eskaintzen dituzte. Orotara, 18.000 plaza eskaintzen ditu hiriak, era guztietako ostatuak (hotelak zein etxebizitza turistikoak) kontuan hartuta. Azken sei urteotan % 40 hazi da kopuru hori.

Erabilera turistikoko etxebizitzei eta etxebizitza pribatutako gela turistikoei dagokienez, otsailean mota horretako 1.352 etxebizitza zeuden erregistratuta (5.700 plaza) Udalean.

Bestalde, 2019arekin alderatuta, 2022an Donostiak % 16,5 bidaiari gehiago hartu zituen  (862.872 pertsona 2022an) eta hoteletan igarotako gauen kopurua % 14,6 handitu zen (1.747.541 ).

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Turismoa Euskadi Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia