Gizartea -
H5N1 birusa
Hegazti gripearen kasu berri bat, Gasteiz inguruan gaixorik aurkitu duten hegatxuri batean
Iazko maiatzetik 25 foku atzeman dira guztira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Agentziak | EITB media
Neikerreko Animalien Osasunerako Laborategiak hegazti gripearen (IAAP) H5N1 kasu berri bat atzeman du Gasteiz inguruan gaixorik agertu zen hegatxuri batean. Hegazti basatia Arabako Foru Aldundiaren Martiodako fauna berreskuratzeko zentroan jaso zuten.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, lehenago ere atzeman dituzte hegazti gripearen fokuak kaioetan Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2022ko maiatzetik 25 foku zenbatu dituzte hiru lurraldeetan, guztiak basa-hegaztietan, eta eragina izan dute zanga, putre, zikoina, antzara, ubarroi eta kaioetan. Lagin berria Algeteko (Espainia) Erreferentzia Laborategira bidali dute jada, baieztatzeko.
"Aurkikuntza horiek gaixotasun horren zaintza indartzearen ondorio dira. 2021eko urritik egiten ari dira, Europan orain arte erregistratu den hegazti-gripearen epidemia garrantzitsuena hasi zenetik. Kontrol horren helburua birusa goiz atzeman ahal izatea da, fokuak agertuz gero gaixotasunari eutsi ahal izateko", adierazi du.
H5N1 birusak oso infekzio-potentzial txikia du pertsonentzat, eta inola ere ezin da transmititu hegazti-okelaren, arrautzen edo hegaztien edozein elikagairen bidez.
Hala ere, birusaren edozein zirkulazio saihesteko, hilik edo hilzorian egon daitezkeen hegazti basatiak ez manipulatzea gomendatzen da, eta 112 telefonoaren bidez berehala larrialdi-zerbitzuei jakinaraztea, foru-zerbitzu ofizialek eraman ahal izan ditzaten.