Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Gizonezko bat atxilotu dute Iruñerrian, substantzia kimikoak erabilita emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Iruñeko Udaltzaingoak baieztatu duenez, ikertzen ari diren gertakariak otsailaren 17an izan ziren. Biktimak uste du ustezko erasotzaileak garagardora substantzia kimikoren bat bota ziola, ondoren erasoa egiteko.
EITB MEDIA
Gizonezko bat atxilotu du asteon Iruñeko Udaltzaingoak, substantzia kimikoak erabilita emakume bat bortxatzea leporatuta.
Biktimak bere salaketan azaldu zuenez, otsailaren 17an izan zen erasoa, Iruñerrian. Ustezko erasotzailea eta biktima —lankideak dira— trago batzuk hartzen aritu ziren elkarrekin, beste pertsona batzuekin batera. Gertatutakoa gogoratzeko "hutsuneak" dituela esan du emakumeak, baina, bere ustez, "garagardora substantzia kimikoren bat" bota zion lankideak, eta ondoren bortxatu egin zuen.
Astelehenean atxilotu zuten ustezko erasotzailea, eta Iruñeko Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zuten. Epaileak deklarazioa hartu ondoren, baldintzapean aske utzi zuen. Ezingo du biktimarengana hurbildu, ez eta harekin harremanetan jarri ere.