Gizartea -
EMAKUMEEN EGUNA
Goi karguetan emakumeen presentzia areagotzea aldarrikatuko du Emakundek M8an
Aurtengo kanpainaren leloa "Emakumea Gora" izango da, eta ardura lekuetan emakume gehiago egotea izango du ardatz. Horrez gain, zaintza partekatzeko beharra aldarrikatuko dute, gaur egun zaintzarako hartzen diren lau baimenetako hiru emakumeek hartzen dituztelako.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Euskadiko erakundeek, Emakunderekin elkarlanean Martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko egunerako, abian jarriko duten kanpaina aurkeztu dute. Aurtengo leloa "Emakumea gora" izango da; izan ere, bada garaia goi postuetan, alegia, ardura lekuetan, emakume gehiago egoteko.
Horrez gain, zaintza partekatzeko beharra aldarrikatuko dute, gaur egun zaintzarako hartzen diren lau baimenetako hiruk emakumeek hartzen dituztelako.
Nerea Melgosa Berdintasun sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eman dituzte kanpainaren xehetasun guztiak. Sailburuaren hitzetan, "gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan, eta kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak".
Esaterako, kanpainaren protagonistek berdintasun ezari buruzko zenbait datu gogorarazten dizkigu, adibidez, emakumeek gerentzia postuen % 6 bakarrik betetzea ez dela prestakuntza faltagatik, rol sexistak mantentzen direlako baizik.
Sailburuak gaineratu du kanpainak "mito faltsuak" eraisten dituela, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztien ia % 60 emakumeak baitira.
Bestalde, duela egun batzuk Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan sailburuak 2024ko martxoaren 8a jaiegun izateko proposamena egin ondoren, Emakundek aitortu du ezustean harrapatu duela.
Hala adierazi du Elgarrestak, eta erantsi du berak ez duela aurrez proposamen honen berririk izan. Testuinguru horretan, gizarte eragileen parte hartzea eta Legebiltzarreko eztabaidak ere aintzat hartzea beharrezkoa da iritzi dio.