Gizartea -
Ukrainako gerra
Ukrainako Errefuxiatuei Harrera Egiteko Jarraipen Mahaia bilduta dago
Ekialdeko Europako herri horri elkartasuna adieraziko dio Eusko Jaurlaritzak ekitaldi instituzional batean, Lehendakaritzaren egoitzan.
Agentziak | EITB Media
Ukrainako gerrak urtebete egin duen honetan, Ekialdeko Europako herri horri elkartasuna adieraziko dio Eusko Jaurlaritzak ekitaldi instituzional batean, Lehendakaritzaren egoitzan.
11:00etan abiatuko da ekitaldia, eta bertan izango dira Ukrainarekin elkartasuna azaldu duten elkarteetako ordezkariak, tartean Txernobylgo haurren harrerarekin zerikusia duten eta Errusiaren inbasioaren ondoren euren herrialdetik alde egin behar izan duten errefuxiatuei harrera egiteko euskal familiak biltzen dituzten elkarteetako ordezkariak.
Ordubete lehenago, 10:00etan, Ukrainako Errefuxiatuei Harrera Egiteko Jarraipen Mahaiak 20. bilera egingo du, 'Euskadi-Ukraina. Urtebeteko elkartasunaren memoria' dokumentua aurkezteko.
2022ko otsailaren 24an Errusia bonbardaketekin hasi zenetik urtebete joan denean, 4.046 ukrainarrek aldi baterako nazioarteko babesa eskatu dute Euskadin, bizileku- eta lan-baimena lortzeko beharrezko tramitea.
Gainera, inbaditutako herrialdetik etorritako 3.021 pertsonak osasun-txartela eskatu dute Osakidetzan (bai aldi baterakoa bai arrunta), eta 982 adingabe matrikulatu dira EAEko hezkuntza-sisteman.