Gizartea -
Jaiotzak
Nola eskatu 3 urtetik beherako seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak?
Martxoaren 1etik aurrera 3 urtetik beherako seme-alabak izateagatik dirulaguntzak eskatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
M. D. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak martxoaren 1ean abian jarriko dituen laguntzak 200 eurokoak dira seme-alaba bakoitzeko, horiek 3 urte bete arte, eta, familia ugarien kasuetan, 100 euro gehigarrikoak hirugarren edo hurrengo seme-alaba bakoitzeko, horiek 7 urte bete arte.
Alabak edo semeak % 33ko edo gehiagoko ezgaitasuna edo mendekotasun egoera aitortua badu, aurreikusitako laguntzak bikoiztu egingo dira, eta hilabeteko laguntza jasotzeaz gain, ume bat baino gehiagoko erditzeek eta adopzio anitzek aparteko laguntza jaso ahalko dute.
Nola eskatu dirulaguntza?
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat jarri ditu martxan, seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko laguntza berriei buruzko informazioa jasotzeko: 945 062 040 eta umeak@euskadi.eus. Hurrengo helbidean, gainera, argibide batzuk jarri dituzte: euskadi.eus/hilekolaguntzak.
Martxoaren 1etik aurrera, laguntza telematikoki eskatu ahalko da, baita Zuzenean ordezkaritzen bidez (Bilbon, Donostian eta Gasteizen), posta bulegoetan eta udaletxeetan.