Gizartea -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Trans legea eta abortuarena, behin betiko onartuta

Bide politiko luze eta malkartsua igaro ondoren, Diputatuen Kongresuak argi berdea eman die Irene Montero Berdintasun ministroak bultzatu dituen bi legeei.

Un grupo del colectivo LGTBI celebran la aprobación de la Ley Trans en el Congreso. Foto: EFE
Un grupo del colectivo LGTBI celebran la aprobación de la Ley Trans en el Congreso
Un grupo del colectivo LGTBI celebran la aprobación de la Ley Trans en el Congreso. Foto: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trans legea eta abortuarena behin betiko onartuta geratu dira gaur Diputatuen Kongresuan, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean sartuko dira indarrean.

Espainiako Gobernua osatzen duten bazkideen —PSOE eta Unidas Podemos— babesaz gain, inbestidurako taldeen sostengua ere izan du Trans legeak. Genero autodeterminazioa aitortzen du testuak, eta hori izan da sozialisten eta moreen artean korapiloa eragin duena. Behin hori askatuta, aurrera egin du testuak. Hori bai, aurreko bozketan bezala, Carmen Calvo diputatu sozialista abstenitu egin da. PPk eta Voxek aurka bozkatu dute.

Lege berriaren arabera, pertsonaren borondatea da baldintza bakarra erregistroan sexua aldatzeko; 14 eta 16 urte artekoen kasuan, berriz, gurasoen edo tutoreen baimena beharko dute; eta 12 eta 14 urte artekoek, epaile baten baimena. 12 urtetik beherakoek ezin izango dute sexua aldatu erregistroan, baina bai izena NAN agirian.

Kontsultatu hemen Trans legearen gako nagusiak

Abortuaren legea, bestalde, PSOE, Unidas Podemos, PNV, EH Bildu, ERC, CUP eta Mas Pais taldeen aldeko botoekin atera da aurrera (185 boto). PPk eta Voxek aurka bozkatu dute (154) eta PdeCateko diputatuak abstenitu egin dira (3).

Arau berriaren arabera, 16 eta 17 urteko adingabeek haurdunaldia eteteko eskubidea izango dute —gurasoen baimena ez da beharrezkoa izango—; ez dute hiru eguneko gogoetarik egin beharko, eta baja hartu ahalko dute. Halaber, asistentzia zerbitzu integrala eta espezializatua eskainiko zaie, eta osasun sistema publikoko erietxeak izango dira erreferentziazko lekuak abortatzeko.  

Bozketen ondoren, Irene Montero Berdintasun ministroa pozik agertu da, gaurtik herritarrek "eskubide gehiago" dituztelako, "LGTBI kolektiboak eta emakumeek" bereziki. Halere, legea ezartzerakoan "erresistentziak" egongo direla ohartarazi du, "beste lege feministekin gertatu den bezala". 

Horregatik, dagokien erakundeei legea betetzen ari dela bermatzeko neurriak hartzeko eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortuari Buruzko Albisteak Diputatuen Kongresua PSOE Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna LGTBI Espainia argazkiak