Gizartea -
Gipuzkoa
GHK-k ukatu egin du Zubietako erraustegiak kutsadura araudia "urratu" izana
Erakundearen esanetan, erraustegiaren gas kutsakorren isuriak "arauetan ezarritakoak baino txikiagoak" dira.
AGENTZIAK | EITB Media
Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) "irmo" ukatu du Zubietako erraustegiak ingurumen baimena "urratu" izana. Atzo, GuraSOS elkarteak enkargatutako eta EHUren Ekopol taldeak egindako ikerketa batek ziurtatu zuen instalazioak "arau-hauste larriak" egin dituela kutsadora araudian.
Horren ildotik, GHK-k nabarmendu du erraustegiak "zorrotz" betetzen dituela arau eta ingurumen baldintza guztiak.
"GHK-k egiten dituen kontrolak Ingurumen Baimen Integratuan eta Eusko Jaurlaritzak ezarritakoak baino zorrotzagoak dira", erantsi du.
Horrenbestez, erakundeak GuraSOS elkartearen aurka egin du, eta datuak "nahasi" izana leporatu dio, "alarma soziala" sortzeko helburuz.
Hori dela eta, GHK-k "lasaitasun" mezua igorri die herritarrei, eta azpimarratu du erraustegiaren gas kutsakorren isuriak "arauetan ezarritakoak baino txikiagoak" direla.
"2020an inauguratu zenetik, isuriak Europako legeek baimentzen dutena baino % 90 txikiagoak izan dira", esan du.