Gizartea -
koronabirusa
Lau pertsona hil dira covidaren ondorioz EAEn, aurreko astean baino bat gutxiago
Pandemiaren adierazle gehienek goranzko joera azaldu dute egunotan. Plantan ospitaleratutakoen kopuruak bakarrik egin du arinki behera, 72tik 68ra.
i.l.k. | eitb media
Azken aste honetan, 2023ko otsailaren 6tik 12ra artekoan, lau pertsona hil dira Euskadin covid-19ak jota, aurreko astean baino bat gutxiago alegia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan argitaratutako datuen arabera. Azken asteetan pandemiaren adierazle gehienak egonkortu ostean, goranzko joera izan dute egunotan, baina plantan ospitaleratutakoena izan da behera egin duen bakarrenetarikoa.
Asteko positibo kopuruak gora egin du aurreko txosten epidemiologikoarekin alderatuta, eta 306 izan dira oraingoan, duela astebete 274 kasu zenbatu ostean. Ordea, plantan ospitaleratutako gaixoen kopurua 72tik 68ra jaitsi da. ZIUetan daudenena, berriz, bere horretan mantentzen da: 8 izan dira azken bi asteotan.
14 eguneko intzidentzia metatuaren tasari dagokionez, 26,45 kasukoa da 100.000 biztanleko, aurreko asteko 24,07 kasuen parean.
60 urtetik gorako biztanleen artean, berriz, 195 kasu antzeman dituzte azken egunetan, duela astebete baino 25 gehiago. Biztanleria sektore horretan ere, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatuak gora egin du, aurreko asteko 48,18tik 54,42ra.
Lurraldeka, Arabak du intzidentziarik baxuena, 18,78 kasurekin; Gipuzkoa dago gero, 26,71 kasurekin; eta Bizkaia, azkenik, 28,14rekin. Beraz, kasu orotan igo da intzidentzia aurreko estatistika buletinaren datuekin alderatuta.