Gizartea -
Gaueko aisialdia
Gasteizko Udalak ikerketa bat egingo du pertsona batzuek kalean labanak zergatik eramaten dituzten jakiteko
Urtaranek esan du lan horren helburua prebentzioa dela, "arazoa lehenbailehen konpontzeko, oso irmoa izan behar baita horren aurka".
agentziak| eitb media
Gasteizko Udalak ikerketa soziologiko bat egingo du jakiteko zergatik pertsona batzuek arma zuriak eramaten dituzten gauez eta gaueko aisialdiko eremuetan.
Horixe iragarri du Gorka Urtaran alkateak gaur, euskal erakundeek debekatutako labanak eramateagatik isunak gogortzea erabaki eta biharamunean.
Arabako hiriburuko alkatearen esanetan, duela astebete hiriko dantzaleku batean izandako erasoa ikuspegi desberdinekin aztertu behar da: poliziarena, judiziala, soziala eta psikologikoa, besteak beste.
Horrelako kasuak "apartekoak" direla aitortu duen arren, Urtaranek ohartarazi du "tolerantziarik ez" duela izango.
Eskerrak eman dizkie Ertzaintzari, Udaltzaingoari, Eusko Jaurlaritzako legelariei eta udalei isunak gogortzeko egindako eskariari aste honetan bertan erantzuteagatik.
"Horrelako neurriak guztiz beharrezkoak dira, eta beste batzuekin batera hartu behar dira. Horregatik, Udalak ikerketa soziologiko bat egingo du gazte batzuek, oso gutxik, gaueko aisialdian armak zergatik eramaten dituzten jakiteko".
Urtaranek esan du lan horren helburua prebentzioa dela, "arazoa lehenbailehen konpontzeko, oso irmoa izan behar baita horren aurka".