Gizartea -
Osasuna
Osakidetzako sindikatuek manifestazioak deitu dituzte otsailaren 25erako Osakidetza "desegitearen aurka"
SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk EAEko hiru hiriburuetan egingo dituzte protestak, Lehen Arretaren egoera "bereziki prekarioa" salatzeko, besteak beste.
agentziak | eitb media
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioak antolatu dituzte otsailaren 25erako, "Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka". Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira martxak, 12:00etan, eta antolatzaileek parte hartzeko deia egin diete langileei eta herritarrei.
Sindikatuek salatu dute prekarietatea dela oraindik ere Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) osasun publikoaren arazo handienetakoa: "% 50etik gorako behin-behinekotasuna; hamarkada batean erosteko ahalmenaren % 20tik gorako galera; lan gainkarga sistematikoa; plantilla urria; ordezkapen eza eta lanpostu hutsak ez betetzea; lan baldintzetan murrizketak, hala nola garapen profesionalean aplikatu nahi den murrizketa erradikal eta justifikaziorik gabea".
Era berean, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo etengabeko arreta guneetan eta Santiago ospitaleko larrialdietan aplikatutako murrizketek eta Basurtuko ospitaleko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuak aurrera jarraitzen dutela gogorarazi dute. Gainera, oporraldietan lehen mailako arretan izaten diren murrizketak "etengabeak" direla salatu dute. "Osakidetzaren kategoria guztietan eta hiru lurraldeetan eragina duten egiturazko arazoen aurrean gaude", ohartarazi dute.
Halaber, lehen mailako arretaren egoera "bereziki prekarioa" dela nabarmendu dute. Kolektibo horrek 2019an ere greba egin zuela gogorarazi dute, orduan pairatzen zuten muturreko egoera salatzeko, baina, ziurtatu dutenez, "egoerak okerrera baino ez du egin hiru urte hauetan".
Bitartean, mahai sektoriala "erabat blokeatuta" dagoela nabarmendu dute. "Osakidetzak ez du erabakitzeko ahalmenik, eta Osasun Sailak ez du sindikatuen aldarrikapenetako bakar bat ere aintzat hartu eta ez die sindikatuen proposamenei erantzunik eman abenduaren 7ko bileraren ondoren. Gainera, Mahai Sektoriala erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura emateko, uda aurretik bultzatutako mobilizazioei jaramonik egin gabe: langileen zein herritarren parte hartze handia izan zuten manifestazio jendetsuak eta lau greba egun", adierazi dute.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "osasun publikoa eraisteko bidean sakontzen duten erabakiak" hartzen jarraitzen duela kritikatu dute. Salatu dutenez, 2023ko ekitaldirako Osasun Sailera bideratutako aurrekontua 2022an benetan gastatutakoa baino 20 milioi euro txikiagoa da. "Badirudi Eusko Jaurlaritzaren iritziz 2023an iaz baino premia gutxiago dagoela", gaineratu dute.
Bestalde, herritarrei eskaintzen zaien osasun laguntza eskuratzea "gero eta zailagoa" eta "kalitate txarragokoa" dela nabarmendu dute sindikatuek, eta osasun aseguru pribatuen kontratazioak gora egin izana Osakidetzaren eraispenaren ondorioetako bat dela ziurtatu.
Bada, egoera horren aurrean, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioak antolatu dituzte otsailaren 25erako Bilbon, Gasteizen eta Donostian, "Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka". Mobilizazioak 12:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotzaren plazatik Bilbon, Andre Maria Zuriaren plazatik Gasteizen eta Bulebarretik Donostian. Langileei, herritarrei eta gizarte mugimenduei "guztion osasuna defendatzeko" mobilizatzera dei egiten diete.