Gizartea -
Arma zuriak
Bilboko auzitegiek epaiketa azkarrak egingo dizkiete arma zuridun erasotzaileei, baldintzak betetzen direnean
Nolanahi ere, Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak gogorarazi du ezin dela "presio judiziala" areagotu, epaileek "legearen arabera" epaitu behar dituztelako kasuak.
Agentziak | EITB Media
Bilboko auzitegiek epaiketa azkarrak egingo dituzte arma zuriekin egindako erasoen kasuetan, Poliziak hala eskatzen duenean eta Legeak ezarritako baldintzak betetzen direnean, hala nola delitu horiek eragiten dituzten zigorrak bost urtetik gorakoak ez izatea eta froga eta zantzu guztiak berehala aurkeztea, Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoaren hitzetan.
Nolanahi ere, nahiz eta arma zuriz egindako delitu horien egileen gaineko "presio poliziala" areagotu daitekeen, Bilboko epaile dekanoaren iritzian, ezin da "presio judiziala" areagotu, epaileek "legearen arabera" epaitu behar dituztelako kasuak. "Frogak daudenean eta errugabetasun-presuntzioa suntsitzen denean, kondenatu egingo da, eta bestela ez", adierazi du.
Uriarteren arabera, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak atzo esan zuen bezala, duela bi aste bilera bat izan zuten biek, eta Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotzia ere bertan izan zen, Udaleko ordezkariek eskatuta.
Bilera hartan, Aburtok epaile dekanoari jakinarazi zion Udaltzaingoak epaiketa azkarrak egiteko eskaerak areagotu nahi dituela, indarkeria eta larderia erabiliz egindako lapurreta-delituetarako.
Epaileak onartu du "alarma soziala" sortu dela arma zuriekin egindako delituen inguruko azken albisteengatik.