Gizartea -
Migrazioa
Abian da Aita Mariren bederatzigarren misioa
Eskifaia prest agertu da ahal duen pertsona gehien onik erreskatatzeko. Itsasoratzearekin batera, "Aita Mari Review" formatu digital bereziaren lehen atala eskainiko du "Gaur Egun" albistegiak, 20:00etan.
EITB Media
Itsas Salbamendu Humanitarioko Aita Mari ontzia Vinaroseko (Castello) portutik Mediterraneo Erdialderantz abiatu da, hilabete batzuk portuan egon ostean. Banderaren ikuskapena gainditu eta Espainiako Gobernuaren azken jakinarazpena jaso ondoren, bizitzak babesten jarraitzeko gertu abiatu da.
Itsasoratu aurretik, eskifaiak misio honetarako dituen aurreikuspenak azaldu ditu ETBko mikrofonoetan, eta azpimarratu du oso prestatuta dagoela euren herrialdeetatik ihesi doazen migratzaileak erreskatatzeko.
Simon Vidal kapitainak gogorarazi du udan hasi zirela misioa prestatzen. Horregatik, dena ondo ateratzea eta pertsona guztiak onik erreskatatzea du jomugan.
Iñaki Goñi medikuak, berriz, bigarren aldiz egin du bat Aita Mariren misio batekin, eta ilusio handiz baina kontzentrazio maila altuarekin ekin dio bidaiari.
Bidaia honekin, salbamendu-ontziaren bederatzigarren misioa hasi da, 2023ko lehenengoa. Aurretik, 2022ko ekainean egin zuen aurreko misioan, Aita Marik 113 pertsona erreskatatu zituen. Asier Sanchez ETBko kazetaria misioaren lekuko izan zen, eta bizitakoa Aita Mari Review formatu digital berritzailean bildu zuen. Lehen kapitulua, hain justu, ostiralean bertan eskainiko dute "Gaur Egun" (20:00) eta "Teleberri" (21:00) albistegietan. Nolanahi ere, atal guztiak EITBren Youtubeko kanalean daude jada eskuragarri.
Gobernuz kanpoko erakundeak aitortu duenez, "azken hilabeteotan jarduera humanitario hau eragozten saiatzen diren oztopo politikoak gero eta indartsuagoak izaten ari dira".
Italiako Gobernuak erreskate-ontziak geldiarazteko egin duen "kanpaina politiko" horren barruan, 2020an Palermon egindako ikuskapenetik eratorritako auzi baten ondorioz, itsasontzia zigor ekonomiko baten aurrean dago.
Dena den, horren aurka alegazioak aurkezteko aukera dagoen bitartean, ontziak ez du bere lana itsasoan geldituko, "jendeak hiltzen jarraitzen duen bitartean". Aurten, 104 lagun hil dira Mediterraneo erdialdean.
2019tik, Aita Marik zortzi misio egin ditu Mediterraneoan, eta 1.000 pertsona baino gehiago salbatu ditu.
UNHCR, NBEren Errefuxiatuen Agentziaren arabera, 2021ean, 3.231 hildako eta desagerpen inguru erregistratu ziren Mediterraneo itsasoan eta 2.365, berriz, 2022an.
'Review: Aita Mari'ren hiru atalak dagoeneko eskuragarri daude EITBren YouTubeko kanalean.
LEHEN ATALA:
BIGARREN ATALA:
HIRUGARREN ATALA: