Gizartea -

#EKIN_zientzia

Euskal Herriko emakume zientzialari batzuei aurpegia jarri diegu

Ez daude diren guztiak, baina direnak badaude. Zortzi arlo zientifikoko emakumezkoen izen propioak bildu ditugu. Ikertzaileak dira, eta oraindik ere gizonezkoak nagusi diren mundu batean, euren presentzia normalizatzeko lanean dihardute.

Aukeratutako zortzi zientzialariak. Argazkia: EITB Media
eitb.eus-ek aukeratutako zortzi zientzialariak.
''Emakume zientzialarien presentzia normalizatu beharra dago, salbuespena izateri utzi''

4:05

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Urtemugak arlo zientifiko-teknikoetan diharduten andrazkoen lana goratu nahi du, eta neskatoak mundu horretan lekua eduki badutela aldarrikatzeko. Izan ere, oraindik ere gizonezkoak dira gehiengo

Aurpegia jarri diegu, hezur-haragizko egin. Batetik, bidea urratzeke dutenei erreferenteak emateko. Bestetik, emakumezkoek osatutako komunitate zientifiko oparo bezain loratsua ondratzeko. Askoz gehiago daude, baina honako hauek dira gure zortzi protagonistak:

Aran García lekue

Fisika

Aran Garcia Lekue

Zornotza, 1975

Fisikan lizentziaduna eta Zientzia eta Materialen Ingeniaritzan doktore (EHU). Liverpoolgo Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Berkeleykoan (AEB) egonaldi bana egin ostean, Euskal Herrira itzuli zen Donostia International Physics Centerren aritzeko, Ikerbasqueko ikerlari gisa. EAEn dagoen ATLAS super-ordenagailuarekin egiten du lan, nano eskalan simulazioak eginda, molekula eta material berriak sortzeko.
Eider Aldalur

Ingeniaritza

Eider Aldalur Urresti

Deba, 1994

Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Graduko ikasketak egin zituen EHUn. Fabrikazioaren teknologia eta materialen zientzia arloek erakarrita, horren inguruko masterra eta doktoretza programa burutu zituen. Egun, Tecnaliako ikerlaria da. Bere ikerketa esparrua fabrikazio gehigarriko eta 3Dko inprimagailuetako teknologian dago oinarrituta. Zehatz esanda, WAAM teknologia aztertzen du, hots, soldadurako prozesu tradizionalak eta hari metalikoak erabilita 3Dko pieza metalikoak sortzea.
Ana Zubiaga Elordieta

Biologia

Ana Zubiaga Elordieta

Forua, 1959

Biologian doktorea (EHU), tesi ondorengo egonaldiak egin zituen AEBko Tufts eta Harvard unibertsitateetan. Gaur egun, EHUko Genetika Saileko katedraduna eta Biokimika eta Biologia Molekularreko Graduko irakaslea da. Euskarazko zientzia dibulgazioan erreferente, minbiziaren ikerketa molekularrean jardun du Zubiagak, minbizia sendatu ez baina kronifikatzeko modua emango duen gene terapiaren bila.
Edurne Gonzalez

Kimika

Edurne Gonzalez Gandara

Zarautz, 1985

Kimikan lizentziaduna eta Kimika Aplikatuan eta Material Polimerikoetan doktorea (EHU). Surrey (Erresuma Batua) eta Cornell (AEB) unibertsitateetan egonaldiak egin ostean, POLYMAT euskal ikerketa zentroan hasi zen ikertzaile. Horretan dihardu gaur egun ere, EHUko Kimika irakasle ondoko izateaz gain, Polimeroen Zientzian espezializatuta dago, zehazki, polimeroen nanopartikulak uretan nola sintetizatu eta nanoehun polimerikoen fabrikazioa ikertzen ditu.
ainize barrainkua

Matematika

Ainhize Barrainkua Agirre

Aretxabaleta, 1997

Fisikan eta Ingeniaritza Elektronikoan graduatua, espedienterik onenaren sariarekin (EHU). Masterra egin zuen Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimenduetan, eta gaur egun, doktorego ikaslea da Euskadiko Matematika Aplikatuko Zentroan (BCAM). Algoritmoek dituzten jarrera diskriminatzaileak, dela genero, arraza edo adinagatik, aztertu eta saihesteko prozedurak ikertzen dihardu.
Virginia Arechavala

Medikuntza

Virginia Arechavala Gomeza

Bilbo, 1975

Farmazian lizentziaduna (EHU) eta Neurologian doktorea da Kings College London unibertsitatean. Gaur egun, Ikerbasqueko ikerlatzailea da eta Biocruces Bizkaia Institutuan Gaixotasun Neuromuskularren Ikerketa Taldea koordinatzen du. Azido nukleikoen terapiak ditu ikergai, hainbat gaixotasun artatzeko oso egokiak baitira.
Arantza Aranburu

Geologia

Arantza Aranburu Artano

Olaberria, 1966

Geologian doktore eta EHUko arlo bereko irakaslea da. 2007tik Aranzadiko kide, Euskal Herriko paisaiaren bilakaera aztertzen eta arroka sedimentarioen historia geologikoa ikertzen eman ditu azken urteak, duela milioika urteko paisaia (kuaternarioa) eta aurreko periodoetakoak (Kretazeoa) interpretatu nahian. Atapuercako proiektuko kide eta EHUko ikerlaria ere bada.
Teresa del Rio

Astronomia

Teresa del Río Gaztelurrutia

Getxo, 1963

Fisikan lizentziaduna (EHU) eta Cambridge unibertsitatean (Erresuma Batua) doktore. Bilboko Ingeniaritza Eskolan Fisika Aplikatuko irakasle izan da azken 30 urteotan. Zientzia Planetarioen Taldeko zein Perseverance Mars2020 (Nasa) eta Mars Express (ESA) talde zientifikoen kide ere bada. Eguzki sistemako planeten atmosferak ikertzen ditu.

Oharra: Albiste honek infografia bat du, eta ez da zuzen ikusten aplikazioan. Kontsultatu ahal izateko, itsatsi esteka hau zure nabigatzailean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Matxismoa Feminismoa