Gizartea -
Sutea
Irungo gas konpresio estazioko bi transformadorek su hartu dute
Sua 16:30 aldera piztu da transformadore "handi" batean, baina ez du eraginik izan Meaka auzoko lantegiko gasean. 20:00etarako itzali dute sua.
Agentziak | EITB Media
Irunen (Gipuzkoa), Euskadur gas konpresio estazioko bi transformadore elektriko kaltetu dira gaur arratsaldeko lehen orduan piztutako sute baten ondorioz, Gipuzkoako suhiltzaileek jakitera eman dutenez.
Sua 16:30ean piztu da transformadore "handi" batean, baina ez du eraginik izan Meaka auzoko instalazioko gasean.
Ordu horretatik aurrera, Gipuzkoako suhiltzaileak lanean izan dira bi transformadoreri eragiten dien sua itzaltzeko. Ez da inor zauritu, Segurtasun Sailak zehaztu duenez.
Sua 20:00etarako itzali dute eta ez da beharrezkoa izan auzoa hustea. Dena dela, suhiltzaileak lanean geratu dira tarte batez instalazioak hozteko, iturri beraren arabera.
Instalazioa kudeatzen duen Enagaseko iturriek jakitera eman dutenez, estazioa behin-behinean gelditu den arren, gertakariak "ez du eraginik izan programazioetan, ezta gas naturalaren eskaerari erantzuteko orduan ere".
Azpiegitura gas naturala Frantziara bidaltzeko "giltzarritzat" jotzen da, Irungo noranzko biko gasbidearen bidez.
Irailaren 22an, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak lantegia bisitatu zuen, eta iragarri zuen estazioak urtean 1.500 milioi metro kubiko handituko zuela Europarako gas naturalaren hornidura.
Estazioaren edukiera, Ministerioak iragarritako aldaketa teknikoak egin ondoren, urtean 2.000 milioi metro kubikotik 3,5 milioira igaro zen.