Gizartea -
Koronabirusa
Musukoa honako tokiotan izango da oraindik derrigorrezkoa
Osasun zentroetan, ospitaleetan, farmazietan eta adinekoen egoitzetan jantzi beharko da, baina garraioan eta optiketan ez da derrigorrezkoa izango.
M. D. | EITB Media
Maskara ez da derrigorrezkoa izango toki gehienetan, Ministroen Kontseiluak onartutako araua Estatuko aldizkari ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Une horretatik aurrera, ez da nahitaez maskara jantzi beharko garraio publikoan, ezta zenbait osasun establezimendutan ere, hala nola ortopedietan, optiketan eta entzuteko protesien zentroetan.
Hala eta guztiz ere, nahitaezkoa izango da oraindik farmazietan, 2003ko errege dekretu batean araututako osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan. Errege dekretu horrek zerrendan aipatzen ditu, besteak beste, anbulatorioak, ospitaleak —orokorrak, espezializatuak, egonaldi ertain edo luzekoak—, osasun azterketak egiteko zentroak, hortz klinikak, estetika zentroak, fisioterapia kontsultak, ehun bankuak eta semen bankuak.
Gainera, arau berriak adinekoen egoitzetan eta gainerako zentro soziosanitarioetan musukoa jartzeko derrigortasuna mantenduko du bertan lan egiten duten pertsonentzat, betiere egoiliarrekin harremanetan badaude, eta bisitarientzat, eremu partekatuetan badaude.