Gizartea -
Araba
Gizon bat oso larri zauritu dute arma zuriz egindako eraso batean, Gasteizen
Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu du, erasoa egotzita. Gainera, beste lau lagun ere zauritu dira, baina onik daude.
EITB MEDIA
Gizonezko bat oso larri zauritu da Gasteizen, arma zuriz izandako eraso baten ostean, Ertzaintzako iturriek jakinarazi dutenez. Gainera, beste lau lagun zauritu dira (emakumezko bat eta hiru gizon), baina onik daude.
Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu du, erasoa egotzita, eta ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Jazoera igande goizalde honetan gertatu da, La Florida zonaldean kokatutako diskoteka batean. Hainbat pertsonen arteko borroka izan da. Ustezko erasotzaileak arma zuria atera du, eta bost lagun zauritu ditu, horietako bat, oso larri. Txagorritxu Ospitalera eraman dute gizona, eta beste zauritu arinak, berriz, Santiago Ospitalera.
Ertzaintza erasotzailearen bila hasi da, jazoeraren ostean, dantzalekutik ihes duelako. Handik gutxira, aurkitu eta atxilotu dute. 21 urteko gizonezkoari hilketa saiakera eta lesio delitua egotzi dizkiote, eta polizia-etxera eraman dute dagozkion izapideak egiteko.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak "erabat" gaitzetsi du erasoa. "Gure hirian ez dute lekurik ez indarkeriak, ez indarkeria praktikatzen duten pertsonek. Gure babes osoa biktimei", idatzi du alkateak sare sozialetan.
Alderdi Popularrak neurriak eskatu ditu
Bestalde, Ainhoa Domaica Gasteizko Udalerako PPko alkategaiak "premiazko segurtasun neurriak" eskatu ditu, dantzaleku horretan izandako erasoaren harira, eta arma zuriz egindako eraso kopurua "asko handitu" dela kritikatu du.
"Ez du balio bakarrik erasoa gaitzestearekin eta Gasteizen horrelakorik ez dela onartzen esatearekin. Oso larria da, eta Urtaranek eta Etxebarriak ezin dute jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala. Konponbideak nahi ditugu. Gasteizko Alderdi Popularretik premiazko segurtasun neurriak eskatzen dizkiegu EAJri eta PSOEri handitzen doan arazo honekin bukatzeko", gaineratu du Domaicak.