Gizartea -
araba
Espainiako Gobernuak lehiaketa publikora atera du Gasteizen errefuxiatuen harrera-zentroa eraikitzeko obra
Gauzak horrela, eta Eusko Jaurlaritzarekin egon den ika-mika gorabehera, aurrera doa Arabako hiriburuan rrefuxiatuen zentro bat martxan jartzeko erabakia.
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak lehiaketa publikora atera du Gasteizko Arana egoitza zaharrean errefuxiatuei harrera-zentroa eraikitzeko obra, Jaurlaritzarekin izandako ika-mika gorabehera.
Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) ostegun honetan argitaratu du Migrazioen Estatu Idazkaritzaren iragarkia, eraikuntza-proiektua idazteko eta eraikina birgaitzeko lanak egiteko, eta izapide horri urgentziazko izaera eman dio.
Aurreikuspen arabera, 14,6 milioi euro bideratuko dituzte lan horietara, eta 4 hilabete izango dira proiektua idazteko eta 12 hilabete obra gauzatzeko, proiektua onartzen denetik aurrera.
Etorkizuneko zentroa Arabako hiriburuko Arana egoitza zaharrean kokatuko da, 350 plaza eta 13.000 metro koadroko azalera izango ditu, 14.434 metro koadroko partzela batean.
Eusko Jaurlaritza ez dator bat proiektuarekin
EAJ proiektuaren aurka agertu da hasiera-hasieratik, errefuxiatuei arreta emateko "euskal eredua"rekin ez datorrela bat uste baitu. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak proiektua bertan behera uzteko eskaria egin zion gutun bidez Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroari, eta gogoetarako deia egin zion. Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak, bere aldetik, esan zuen proiektu honek "atzerakada" ekarri zuela.
Gaur bertan, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak EITB Mediari adierazi dio Escrivari idatzi ziola zentroari buruzko informazioa eskatzeko, eta oraindik ez duela erantzunik jaso erantsi du.
Batera zein bestera, dirudienez, egoerak ez du atzera-bueltarik; izan ere, ostegun honetan zentroa egiteko lanen lizitazioa abiatu du Espainiako Gobernuak.