Gizartea -
Osasuna
Jaurlaritzak "beharrezkoa den esfortzua" egingo du Lehen Arreta indartzeko, lehendakariaren hitzetan
Lehen Arretan atzemandako "gabeziak" aitortuta, "etengabeko inbertsioak" egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du Urkulluk, euskal osasun sistema "azpiegitura eta erreminta onenez" hornitzeko.
EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak "beharrezkoa den esfortzua", ekonomikoa zein giza baliabideen arlokoa, egingo du Osakidetzan lehen mailako arreta zerbitzua indartzeko.
Gotzone Sagardui Osasun sailburua ondoan zuela, Muruetako (Bizkaia) osasun zentro berriaren inaugurazioan izan da lehendakaria. Aurrez berriki zabaldu duten Forukoan izan dira biak. Urkulluren aburuz, bi azpiegitura horiek "modernoak, gertukoak eta egungo beharretara egokituak" daude, Jaurlaritzaren ereduaren erakusgarri.
Muruetako osasun zentroak bihar zabalduko ditu ateak, eta mediku eta erizaintza zerbitzuak eskainiko ditu. 63.000 euroko inbertsioa egin du Jaurlaritzak.
Lehendakariak nabarmendu du euskal osasun sistema publikoa, "munduko beste guztiak bezala", ez zegoela pandemia honi aurre egiteko prestatuta. "Gabeziak", batez ere Lehen Arretan atzemandakoak, onartu ditu Urkulluk, eta horiek konpontzeko "etengabeko inbertsioen" beharra aldarrikatu du.
"Erakundeon erantzukizuna da, elkarlanean arituta, osasun profesionalak azpiegitura eta erreminta onenez hornitzea. Lehen Arretaren eta gure osasun sistema osoaren erantzuna horren menpe dago", erantsi du.