Gizartea -
EUSKO JAURLARITZA
Hezkuntza Sailak 175 milioi euroko dirulaguntza plana onartu du aurtengorako
Guztira, 113 dirulaguntza lerro ditu eta horien artean nabarmentzekoak dira eskolatze eta unibertsitate bekak edota hezkidetzara, genero indarkeriaren prebentziora eta bake eta bizikidetzara bideratutakoak.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 175 milioi euroko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu du 2023. urterako.
Orotara, 113 dirulaguntza lerro ditu gaur egun Hezkuntza Sailak, eta horien artean nabarmentzekoak dira eskolatze eta unibertsitate bekak, Lanbide Heziketako zein unibertsitateko ikasleen mugikortasuna errazteko laguntzak edo ikertzaileen mugikortasuna laguntzeko deialdiak.
Halaber, hezkidetzara, genero indarkeriaren prebentziora, bake eta bizikidetzara, eleaniztasunera edo berariazko premiak dituzten ikasleei arretara bideratutako laguntzak ere badaude.
Laguntzen zerrenda luze horretan ageri dira baita ere irakasleen prestakuntzara eta ikerketa sustatzera bideratutakoak, Lanbide Heziketako ikastetxeetarako ekipamendua eskuratzea helburu dutenak edo udal titulartasuneko eskolak egokitzeko asmoz deitutako dirulaguntzak.
2023. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak Hezkuntza Sailaren baitako lau sailburuordetzek eta hamabi zuzendaritzek kudeatzen dituzten dirulaguntza deialdi guztiak jasotzen ditu.