Gizartea -
''Bai bakarrik da bai'' legea
Gipuzkoako Auzitegiak zigorra jaitsi dio sexu erasotzaile bati, lege berriarekin egindako lehen murrizketan
Zarautzen, 2017an gertatu zen sexu eraso bati dagokio erabakia. Orduko hartan, 6 urteko zigorra ezarri zioten 18 urteko gizonari 16 urteko emakume bati eraso egiteagatik. Orain, 4 urtera jaitsi diote zigorra, "bai bakarrik da bai" legearen zigor txikiena aplikatuta.
Agentziak | EITB MEDIA
Gipuzkoako Auzitegiko 3. zenbakiko sekzioak 6 urtetik 4 urtera murriztu dio sexu erasotzaile bati aurrez ezarritako kartzela zigorra, "Bai bakarrik da bai" legea aplikatuta. Erasoa 2017an jazo zen, Zarauzko San Pelaio jaietan. 18 urteko gizonezko batek 16 urteko emakume bati sexu eraso egin zion
"Bai bakarrik da bai" legea indarrean sartu zenetik, Gipuzkoako epaitegiek ebazten duten lehen zigor murrizketa da honakoa, Bizkaian eta Araban adostutakoen ondotik.
EFE albistea agentziak eskuratu duen autoan jasotzen denez, Auzitegiak azaldu du erasotzaileari orduko legedian jasota zegoen zigor txikiena ezarri ziotela (sei urte), eta orain, araudi berrian, zigor tartea 4-12 urtekoa dela.
"Orduko hartan, zigor handiago bat ezartzeko baldintzarik ez zegoela eta, zigor txikiena ezarri bazitzaion, orain legean dagoen zigor txikienera murriztu behar zaio kondena", azaldu du.
1. zenbakiko sekzioak beste murrizketa ukatu zuen
Gipuzkoako Auzitegiko 1. zenbakiko sekzioak oso bestelako erabakia hartu berri du "Bai bakarrik da bai" legearen harira egindako beste berrikuspen batean. 2019ko Urte Berri egunean pisukideari sexu erasoa egiteagatik, 7 urteko zigorra jaso zuen gizonari hura murriztea (5 urteko ezartzea eskatu zuen abokatuak) ukatu zion.
Urtarrilaren 19ko data duen auto batean azaldu duenez, erasotzaileari zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten (gutxienekoa sei urte ziren), erasoa indarkeria erabilita eta emakumearen "nahasmendu egoera" baliatuta egiteagatik. Auzitegiaren arabera, legedi berriak aurreikusitako zigor tartean (4-12 urte) erdiko tartetik behera egongo litzateke zazpi urteko hori, eta beraz, ez litzateke "gehiegizkoa".
Horrez gain, Auzitegi Gorenak emandako "jurisprudentzia jarraibideei" heltzeko deia egin du ebazpenean, "proportzionaltasun-printzipioa kontuan hartzeko" helburuarekin. Izan ere, zigorrak "matematikoki murrizteko formula soilak" saihestu behar dira, sekzio horren aburuz.
Aurretik ere beste ebazpen batzuk ofizioz berrikusi ditu Auzitegiko 1. sekzio horrek, eta bakar batean ere ez ditu zigorrak murriztu.