Gizartea -

Zaborrera doan janaria

Zenbat janari botatzen dugu Hego Euskal Herriko etxebizitzetan?

Urtero, milioika tona janari zakarrontzira doaz mundu osoan. Zati bat ekoizpenean eta merkaturatzeko prozesuan galtzen da, baina gehiena, % 70, jatetxeetan eta gure etxeetan botatzen da. Zenbat xahutzen dugu Hego Euskal Herrian?

Hego Euskal Herrian botatzen ditugun jakiak. Infografia: EITB Media
Hego Euskal Herrian botatzen ditugun jakiak.
Hego Euskal Herrian botatzen ditugun jakiak. Infografia: EITB Media

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero, milioika tona janari zakarrontzira doaz mundu osoan. Zati bat ekoizpenean eta merkaturatzeko prozesuan galtzen da, baina gehiena, % 70, jatetxeetan eta gure etxeetan botatzen da. Zenbat xahutzen dugu Hego Euskal Herrian?

Guztira, Hegoaldeko etxeek 63.000 tonatik gora elikagai galtzen dituzte urtean. Zehazki, 63.465.596 kilogramo dira (edo litro, produktua likidoa bada), Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 2021eko datuen arabera ("Nortecentro" eskualdeko datuak dira, EAEra eta Nafarroara estrapolatuak). Elikadura alferrik galtzeari buruzko txostenean biltzen ditu datuok. Hala eta guztiz ere, janari kopuru izugarri hori 2020koa baino txikiagoa da: 5.400 tona gutxiago. Pandemiako urtean nabarmen egin zuen gora etxeko kontsumoak.

Batez beste, etxe bakoitzak 70 kg inguru botatzen ditu urtean. Baina etxe guztiek ez dute berdin egiten. Estatu espainiarrean, familien laurdenek ez dute elikagairik alferrik galtzen. Hego Euskal Herrian, 1.182.795 etxetan botatzen da janaria.

Batez ere, ukitu ere egiten ez ditugun elikagaiak botatzen ditugu. % 78 erosketatik zaborretara doazen produktuak dira, eta gainerako % 22 kozinatu ditugun eta jaten amaitzen ez ditugun platerak dira. Baina, zer botatzen dugu?

Hego Euskal Herrian botatzen diren jakiak. Iturria: Espainiako Gobernua

Ikusten dugunez, gehienak, alde handiz, frutak dira: 19.000 tona baino gehiago zaborrera doaz. Ondoren, janari fresko gehiago, oso urrutitik bada ere: Hegoaldeko etxeek ia 7.000 tona barazki botatzen dute. Jarraian, freskoa erosten dugun ogia dator (ustez, gogor dagoenean botatzen dugu), era guztietako esnekiak eta esnea bera.

Haragia da gehien botatzen dugun beste produktu bat. Aurreko taulan ikus daitekeen bezala, haragi freskoaren eta izoztuaren artean, 1.800 tona inguru doaz zakarrontzira. Baina, gainera, prestatzen dugun okelaren zati handi bat ere ez dugu jaten, eta bota egiten dugu. Errezeten araberako sailkapenean, haragia oinarri duten platerak dira alferrik gehien galtzen direnak: ia 3.000 tona.

Hego Euskal Herrian xahutzen den janaria. Iturria: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa

Argi dago: elikagaiak alferrik galtzea gizarte osoari eragiten dion gaitza da, adina, klase soziala edo familiaren konfigurazioa edozein dela ere.

Alferrik galtzen den janari gehiena seme-alabak dituzten bikoteen etxeetan botatzen da (% 46,2), batez ere seme-alaba txikiak dituzten bikoteen etxebizitzetan (% 19,8).

Klase sozialari dagokionez, erosteko ahalmen gutxien duten pertsonak izan arren, klase baxuko edo ertaineko etxebizitzetan botatzen da hondakinen % 52,2.

Zer egin dezakegu janaririk ez botatzeko?

Etxeetan botatzen dugun janari kopurua gutxitzeko bidean, OCU kontsumitzaileen elkarteko Kepa Loizagak hurrengo aholkuak eman dizkigu.

Zer egin dezakegu janaria ez botatzeko?
Zer egin dezakegu janaria ez botatzeko?
Zer egin dezakegu janaria ez botatzeko?

1:28

Egoera kezkagarria munduan

Zer gertatzen da beste lurraldeetan? Munduko etxebizitzetan alferrik galtzen den janari kopurua oraindik zenbatuta ez badago ere, kezka batez ere dago ekoizpen prozesuan xahutzen diren elikagai tonetan. Hego hemisferioaren datu kezkagarria nabarmentzen zaie guztiei.

Elikagaiak alferrik galtzeko tasarik handienak Afrikako eskualdeetan daude. Aipagarria da kontinentearen mendebaldea: elikagaien ekoizpenaren laurden bat galtzen da, etxeetara iritsi baino lehen. Goseak munduko herritarren % 10 ingururi eragiten die; batez ere, eskualde horietan.

Europan, ordea, badirudi elikagaiak ekoizteko prozesuak eraginkorragoak direla, eta "soilik" % 7 inguru galtzen da.

Munduan ekoizpen prozesuan botatzen den janaria. Iturria: FAO

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Ingurumena Nutrizioa