Gizartea -

HOMOFOBIA

Gizon batek eraso homofoboa salatu du Hondarribian

Hondarribiko Udalak gaitzespen adierazpena onartu du, eta astearterako Martxoak 8 plazan deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die herritarrei.

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan eraso homofoboa jasan duela salatu du gizon batek Hondarribian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez.

Erasoa larunbatetik iganderako gauean gertatu zen, 02:30ak aldera.

Ertzaintzak gizon bat identifikatu du erasoaren ustezko egile delakoan.

Polizia eginbideak amaitu ondoren, atestatua Irungo Epaitegiaren esku gelditu da.

Hondarribiko Udalaren gaitzespen adierazpena

Eraso homofoboaren aurrean Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdiek (EAJ, Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu) gaitzespen adierazpena onartu dute eta gertutasuna eta elkartasuna adierazi nahi dio erasoa jasan duen pertsonari.

Udalaren arabera, "Pertsona batek sexu-orientazioarekiko umiliazioak eta mespretxua jasan zituen, eta beste pertsona batek fisikoki eraso zion".

Halaber, nabarmendu du "antzeko ekintza guztiak, giza eskubideen urraketak diren aldetik, lekuz kanpo daudela, pertsona guztiok baitugu duintasunez bizitzeko eskubidea".

Bestalde, bihar, asteartea, 19:00etan Martxoak 8 plazan deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Homofobia Albisteak