Gizartea -
gipuzkoa
Europako Parlamentuak esan du Mutrikuko dikearen obrak ikertuko dituela
Mutrikuko Natur Taldeak igorri du eskaera, kai muturra 88 metro handitzeko asmoa ezagutu ostean, horrek badian eragingo lituzkeen "kalteak" salatuta.
ane goñi | eitb media
Europako Parlamentuak Mutrikuko dikearen obrak ikertuko ditu, Mutriku Natur Taldeak eskatuta. Talde ekologistak salatu du irregulartasunak izan direla lanen esleipenean. Kai muturra 88 metro handitzea aurreikusten du proiektuak, 440 metrotaraino. Eusko Jaurlaritzak adierazi du ikerketarekin elkarlanean arituko dela.
Mutriku Natur Taldea "pozik" agertu da Europako Parlamentuak dikearen luzapena ikertzea onartu duelako, Iñigo Agirre idazkariak adierazi duenez. Talde ekologistaren ustez, ez da beharrezkoa dikea handitzea; izan ere, itsasontziak portuan sartzeko segurtasun neurriak bermatuta daude eta, euren ustez, proiektuaren benetako helburua kirol portu bat sortzea da.
Era berean, Mutrikuko badian eragingo dituen "kalteak" salatu dituzte, eta lanak bertan behera uzteko eskatu dute.
Salatu dituzten eta Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak ikertzea onartu duen irregulartasunen artean, 88 metroko handitzeak ingurumenean duen eraginari buruzko txostenik ez egotea dago. Hori dela eta, obrak kautelaz eteteko eskatu dute.