Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19ak eragindako larrialdi globala amaitutzat ematea aztertzen ari da OME
Covid-19aren Larrialdi Batzordeak gaur eztabaidatuko du egungo egoerak "larrialdi globala izaten jarraitzen duen". Batzordearen hamalaugarren bilera izango da 2020ko urtarrilean eratu zenetik. Gaurko bileraren emaitzak egun bat edo bi barru egingo dira publiko.
Agentziak | EITB Media
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Covid-19aren Larrialdietarako Batzordearen hamalaugarren bilera deitu du ostiral honetarako. Bertan, Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusiak asteartean iragarri zuen bezala, Covid-19aren egungo egoera "larrialdi globala" ote den eztabaidatuko dute.
Larrialdietako Batzordeak aldi baterako gomendioak ere emango dizkie OMEri eta haren estatu kideei. Hala ere, gaurko bileran hartzen diren erabakiak eta jasotako gomendioak ez dira berehala argitaratuko, eta ez da jakiinarazi zehatz-mehatz noiz izango den. Aurrekoetan, bilera amaitu eta egun bat edo biren buruan eman izan dira argitara adierazpen ofizialak.
Hiru urte larrialdi-adierazpena egin zenetik
Larrialdi Batzordeak 2020ko urtarrilaren 22an eta 23an egin zuen lehen bilera. 2020ko urtarrilaren 30ean, bigarren bileraren ondoren, Batzordeak zuzendari nagusiari jakinarazi zion Covid-19aren agerraldia Nazioarteko Osasun Publikoko Larrialdi bat zela (PHEIC ingleseko sigletatik), eta hark halakotzat jo zuen.
Ordutik, batzordeak 3 hilean behin biltzen jarraitzen du Covid-19a oraindik PHEIC bat den berrikusteko eta aldi baterako gomendioak berrikusteko eta igortzeko.
"Nazioarteko Kezkako Osasun Publikoko Larrialdi bat deklaratu eta ia hiru urtera, aste honetan Covid-19ari buruzko Larrialdi Batzordea bilduko da egungo egoerak larrialdi globala izaten jarraitzen duen eztabaidatzeko", iragarri zuen Tedrosek joan den asteartean emandako prentsaurrekoan.
Hala eta guztiz ere, Tedrosek ohartarazi zuen gaixotasun horrek eragindako heriotzak areagotu egin direla duela gutxi. Guztira, azken zortzi asteetan, 170.000 pertsona baino gehiago hil dira Covid-19aren ondorioz munduan. "Hori jakinarazitako heriotzak baino ez dira; heriotzen benetako kopurua askoz handiagoa da (...). Larrialdietako Batzordearen aholkuei aurrea hartuko ez diedan arren, oso kezkatuta jarraitzen dut herrialde askotako egoerarekin eta gero eta heriotza gehiago izatearekin", gaineratu zuen.
Egungo egoera duela hiru urte "pandemia honek lehen aldiz jo zuenekoa" baino "nabarmen hobea" dela onartu arren, munduaren erantzun kolektiboa "berriro presiopean" dagoela nabarmendu zuen.