Gizartea -
Eliza katolikoa
Hego Euskal Herria apaizik gabe geratzen ari da
Apaizen kasuan ez bezala, parrokia kopurua ez da hainbeste jaisten, apaiz berak meza bat baino gehiago ematen duelako txandaka, batez ere herri txiki eta eskualdeetan.
EITB Media
Hego Euskal Herria apaizik gabe geratzen ari da. Oso adindunak dira gehienak, eta haiek uzten doazen lekua betetzeko errelebo gutxi dago eta dagoenetik asko kanpotik dator. Ez dirudi joera horrek aldaketarik izango duenik datozen urteetan. Egungo egoera aztertuko dute zenbait apaizek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.
EITBk eskura izan dituen datuen arabera, 12 heriotza urtean eta ordenazio bat; horixe da 2028a bitarte Bizkaiko gotzaindegiak duen aurreikuspena. 204 apaiz dira egun, 149 izango dira orduan.
Hala ere, apaiz kopuruaren beherakada Hego Euskal Herri osoan ematen ari da. Gipuzkoan 20 urtean 124 apaiz galdu dituzte, denbora erdian Araban 37, eta Nafarroan 70.
Apaizen kasuan ez bezala, parrokia kopurua ez da hainbeste jaisten, apaiz berak meza bat baino gehiago ematen duelako txandaka, batez ere herri txiki eta eskualdeetan. Bizkaian, esaterako, Lea-Artibai, Bustiurialdea eta Karrantzan dago apaiz gutxien eta herri bat baino gehiagotan eman behar izaten dute meza, eta noski txandaka. Gainera, azken hamarkadan hamar elizak meza emateari utzi diote: bi Sestaon, sei Bilbon, bat Sopuertan eta beste bat Areetan.
Kerman Lopez Bizkaiko bikario nagusiaren hitzetan, "apaiz gabezia kezka da noski, batipat arazo da eukaristia ospatzeko ikuspegitik, baina eliza apaizak baino gehiago da, komunitateak osatzen du, eta badago han eta hemen borondatez hainbat lan egiten duenik".
Hala ere, elizen erabiltzaileen profilak ere zalantzan jartzen du baieztapen hori; izan ere, eliztarrak zenbat eta edadetuago praktikanteagoak dira, eta alderantziz.
Lopez etorkizun hurbileko eliza ezberdina izango delakoan dago, "batuagoa, konpartituagoa". Ildo horretatik ikusteko dago hortaz, posible izango ote den egun dauden parrokia guztiak mantentzea meza maiztasun txikiagoarekin edo itxi egin beharko diren.
Araban, ordea, aurrera begirako itxaropen txiki bat piztu die egun seminarioa zabalik izateak, orain sei urte itxita baitzegoen; gaur 21 lagun dira bertan.