Gizartea -
Urtegiak
Nola daude urtegiak azken euriteen ondoren?
Neguko euriteek Euskal Herriko urtegietako maila igotzea ekarri dute, baina oraindik duela urtebete zuten bolumenetik urrun daude.
Mikel Dominguez | EITB Media
Azken hilabeteetako prezipitazioen ondorioz, urtegiak ur maila berreskuratzen hasi dira, batez ere aurreko astean. Urte bakoitzeko ziklo naturalari jarraituz, neguan egoera udako hilabeteetan baino hobea da, gaur bertan bildutako datuek erakusten duten bezala.
Hego Euskal Herriko urtegiak, Trantsizio Demografikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren buletinak jasotzen duenez, hiru arro hidrografikotan banatzen dira: Euskal Herri barnealdekoak, Kantauri Ekialdekoak (tartean, Ordunte, Burgosen) eta Ebroko arrokoak (Kantabria, Gaztela eta Leon, Errioxa, Gaztela-Mantxa, Aragoi eta Katalunian ere bai).
Buletineko urtegi nagusiak hartuta, Hego Euskal Herriko edukiera osoa 1.272 hm³-koa da. Une honetan, urtegietan guztira 670 hm³ dago, hau da, biltegiratu dezaketenaren erdia baino apur bat gehiago. Nolakoa izan da bilakaera azken urtean?
2022an, urtegiak apirilean iritsi ziren maila gorenera: 1126 hm³. Ordutik, maila jaisten hasi zen, eta, prezipitazio urrien ondorioz, minimora iritsi zen urrian: 423 hm³. Udazkenean eta neguan, normala denez, pixkanaka maila berreskuratu zen, baina aurtengo urtarrilera iritsita, biltegiratutakoa (670 hm³) urrun dago oraindik 2022ko urtarrileko mailatik (1039 hm³).
Aurreko grafikoan ikus daitekeenez, ekarpenik handiena Esako (gehiena Zaragozan dago) eta Itoizko urtegiek egiten dute, biak Nafarroan. 186 hm³ eta 210 hm³ dituzte, hurrenez hurren, duela urtebete baino 197 hm³ eta 126 hm³ gutxiago. Ondoren, Uribarri Ganboa da hirugarren handiena. Araban dago, eta 97 hm³ ditu orain (duela urtebete 122 hm³ zituen). Hurrengoak dira Urrunaga, Araban (50 hm³ orain, 47 hm³ duela urtebete) eta Allotz, Nafarroan (29 hm³ orain, 50 hm³ iaz).
Hego Euskal Herriko urtegiak edukieraren % 52,71n daude. Oraindik leku asko dute biltegiratzen jarraitu ahal izateko. 2022ko urtarrilean, urtegiak % 82,85an zeuden. Mapa honetan horietako bakoitzaren egungo egoera ikus dezakezu.
Ehuneko horiek iazkoarekin alderatzen baditugu, ikusiko dugu bi urtegitan iaz baino ur gehiago dagoela, eta beste hiru maila berean daudela. Urrunaga nabarmentzeko modukoa da, laugarren handiena baita. % 69,44an dago, iaz baino 4 puntu gehiagorekin. Añarbe, Eugi eta Irabia maila bera edo altuagoa dago.
San Anton eta Nagore urtegien kasuak desberdinak dira. Orain eta duela urtebete % 100ean egotea ez da oso adierazgarria, bi urtegi txikienak baitira: 5 hm³-ko edukiera baino ez dute.
Gainerakoek ibilbide luzea dute duela urtebeteko ehunekoetara iritsi arte, eta are gehiago beren edukiera osoa bete arte.
Oharra: Albiste honek infografia bat du eta sakelako telefonoetarako aplikazioan ezin da zuzen ikusi. Kontsultatu nahi baduzu, zabaldu albiste hau nabigatzailearekin.