Gizartea -
koronabirusa
Bost pertsona hil dira covid-19aren ondorioz EAEn, eta adierazle guztiek behera egin dute
Azken astean baino bost hildako gutxiago izan dira. Gainera, ospitaleratutako pertsonen kopurua 76ra jaitsi da eta ZIUetan zazpi pertsona daude ospitaleratuta. Intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 34 kasura jaitsi da.
N. B. | eitb media
Azken astean, 2023ko urtarrilaren 16tik 22ra, bost pertsona hil dira Euskadin covid-19aren ondorioz, aurreko astearen erdia. Ospitaleratzeei dagokienez, 76 pertsona daude ospitaleratuta, eta 7 ZIUetan; duela zazpi egun, berriz, 103 eta 9.
Bilakaera epidemiologikoa aldekoa da; izan ere, 14 egunetan metatutako intzidentzia 34,6 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta aurreko estatistika-buletinean 47,19 kasu erregistratu ziren, hau da, zifrarik txikiena 2021eko urriaren erdialdetik.
Azken aste honetan 273 positibo zenbatu dituzte, aurrekoan baino 213 gutxiago, egindako 9.015 proba diagnostikoen aldean % 3ko positibotasun-tasarekin.
60 urtetik gorako biztanleen artean, 175 kasu atzeman dituzte azken astean, aurreko astean baino 130 gutxiago, eta positiboen tasa % 3,5ekoa izan da. Biztanleria-sektore horretan, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak behera egin du aurreko asteko 102,60tik 73ra.