Gizartea -

2023ko danborrada

20.000tik gora parte-hartzaile, 157 danborrada... San Sebastian eguneko datu guztiak

Inoizko danborradarik jendetsuena izango da aurtengoa. Gipuzkoako hiriburuko danborrada ez ezik, Azpeitian, Tafallan eta Lakuntzan ere itzuliko dira ospakizunak gaurko egunez.

11.228 gizonek eta 9.181 emakumek parte hartuko dute aurtengo Helduen danborradan.
11.228 gizonek eta 9.181 emakumek parte hartuko dute aurtengo Helduen danborradan.
11.228 gizonek eta 9.181 emakumek parte hartuko dute aurtengo Helduen danborradan.

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Danbor eta upel hotsak izango dira nagusi berriro ere San Sebastian Egunean. 00:00etan puntuan, Konstituzio Plazan ohikoa den Banderaren Igoerarekin eta Raimundo Sarriegiren martxaren doinuekin hasiko da 2023ko Danborrada, donostiar askorentzat urteko egunik garrantzitsuena. Jaia bertatik bizitzerik ezin duenak aurten ere izango du abagunea Internet bidez zuzenean jarraitzeko, eitb.eus atarian.  

Elkarte gastronomikoetako bazkide hainbatek, eta familia askok, baina, ordu batzuk lehenago hasiko dute jaia, San Sebastian bezperako afari tradizionalarekin. Afari goxoa lagunez inguratuta, indarrak hartu eta danborrari golpeak ematen hasi aurretik.

Inoizko San Sebastian egunik jendetsuena izango da. Guztira 158 danborradak hartuko dute parte Gipuzkoako hiriburuko auzoetan zehar egingo diren danborradetan, horietako zazpi berriak. Danborrada mistoak % 94,30a izango dira; gizonezkoenak, berriz, % 5 dira. Emakumeek osatutako danborrada bakarra irtengo da.

Danborradetan parte hartuko duten 20.411 pertsonetatik, 9.181 emakumeak dira (% 45), eta 11 228 gizonak (% 55). 2020an 19 004 pertsonak parte hartu zuten, % 42,72 emakumeak eta % 57,28 gizonak.

Danborrada 2023

Bihar, urtarrilaren 20an, egingo den Haur Danborradan, berriz, 41 eskolatako 4.731 haurrek desfilatuko dute Donostiako kaleetan zehar, Sarriegiko Martxaren doinuekin. Desfilea 12:00etan hasiko da Alderdi Ederretik. Euria eginez gero, haurren danborrada igandean egingo da, baina erabaki hori bihar bertan hartuko du Udalak.

Haur danborrada 2023

Azken orduetan begirada guztiak eguraldian jarrita badaude ere, ez hotzak ez euriak ez dute danborrak eta upelak jotzeko gogoa geldituko, batez ere bi urteko geldialdiaren ondotik. Euskalmeten iragarpenaren arabera, gauerdian eta goizaldean zaparradak espero dira, baina apurka-apurka eta biharko atertzera joko du. Tenperaturari dagokionez, gauean 4 eta 5 gradu arteko tenperaturak espero dira, eta egunena zehar, berriz, 8 eta 9 gradu artekoak.

Danbor hotsak beste herri batzuetan

San Sebastian eguna ez da Gipuzkoako hiriburuan bakarrik ospatzen. Azpeitiak, Lakuntzak eta Tafallak ere egun handiak dituzte aurretik, egitarau zabalarekin. Azpeitian helduen danborradarekin hasiko da festa gauerdian eta eitb.eus-en zuzenean jarraitzeko parada izango da.

Goizean, eguraldiak laguntzen badu bederen, haur danborrada egingo da. Azpeitiako Udalak gaur, osteguna, erabakiko du igandera atzeratu edo mantenduko duen. Berrikuntza gisa, Pantxoa eta Peioren "Batasuna" pieza joko da lehen aldiz danborradan.

Lakuntzan eta Tafallan ere izango dira ospakizunak eta bai Lakuntzara baita Tafallara ere danborradak itzuliko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Danborrada Donostia Gipuzkoa Azpeitia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak