Gizartea -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Gasteizen egin asmo den "makrozentroa" ez da errefuxiatuak artatzeko modu egokiena, Gorrotxategiren arabera

Elkarrekin Podemos-IUren Legebiltzarreko bozeramaileak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak eta eragile sozialek agertu duten kontrako jarrerarekin.

Miren Gorrotxategi Euskadi Irratian
Miren Gorrotxategi Euskadi Irratian
Miren Gorrotxategi Euskadi Irratian

play icon 21:42

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Gasteizko Arana klinika zaharrean egin asmo duen Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroak zeresana ematen jarraitzen du. Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemos-IU koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea ere proiektuaren aurka agertu da, aurrez Eusko Jaurlaritza edo eragile sozialak bezala. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, "makrozentro" hauek ez dute balio errefuxiatuei behar bezalako harrera egiteko. "Bat-batean agertu den neurri hau ez dator bat prozedura egoki batekin, ezta errefuxiatuen aurrean izan behar den egiteko moduarekin ere", gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak 2023ko lehen hiruhilekoan onartu asmo duen EAEko Hezkuntza Lege proiektuari buruz ere hitz egin du Miren Gorrotxategik. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk iazko martxoan adostu zuten hezkuntza ituna, eta hori oinarri hartuta legea idazten ari da Eusko Jaurlaritza. Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariaren esanetan, gobernuaren eskutik zirriborro bakarra jaso dute, lehenengoa, baina zeharka bigarrengo bat ere heldu zaie eta ustez hirugarren bat ere badago.

Miren Gorrotxategi oso kritiko mintzatu da Eusko Jaurlaritzarekin: "ituna lortu eta gero gobernuak eman dituen pauso guztiak itunetik aldentzera doazen pausoak dira". Publiko edo erdi publiko egin diren zirriborroek ez dutela onarpenik jaso nabarmendu du, EAJrena salbu.

Hezkuntza itunak jasotzen zuen, besteak beste, euskal eskola publikoa zentroan jartzea eta bide horretan ez dela urratsik egin salatu du Miren Gorrotxategik. "Gobernuak emandako pauso guztiak dira eskola kontzertatuari babesa eta blindajea emateko. Euskal eskola publikoan aurreikusita zeuden neurri guztiak kajoian sartuta daude eta hartzen ari direnak zeharka kalte egiten diote", gaineratu du.

Zabaldu diren zirriborroak aldatzen ez badira, Elkarrekin Podemos-IUk EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren aurka bozkatuko duela azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak Euskadi Irratia Miren Gorrotxategi