Gizartea -

Bizkaia

Hiru lagun atxilotu dituzte Sestaon gizon bat hiltzen saiatzeagatik

Dirudienez, emakume batek bere bikotekidea hiltzeko laguntza eskatu zion atxilotuetako bati, diru truke.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 45 urteko emakume bat eta 18 urteko bi gazte atxilotu ditu Sestaon, gizon bat hiltzen saiatu direlakoan. Dirudienez, emakumeak bere bikotekidea hiltzeko laguntza eskatu zion atxilotuetako bati, diru truke.

Gizonari arma zuri batekin egin zion eraso hilketa saiakeran nahastutako gazteetako batek, eta ospitalean artatu behar izan zuten. Egun horretan bertan eman zioten alta.

Hiru atxilotuak epailearen aurrera eraman zituzten atzo, eta biktimaren emaztea eta atxilotutako gizonetako bat espetxeratzeko agindua eman zuen hark.

Ostiral gauean gertatu zen hilketa saiakera, jende gutxi ibiltzen den zonalde batean. Bikotea autoz joan zen bertara, norbait jaso behar zutelako. Emakumeak dei bat jaso zuen orduan. Autotik atera zen, atea zabalik utzita. Une horretan, ezezagun bat ibilgailura sartu zen, eta gizonari kolpe bat eman zion. Lepoan labana sartzen ere saiatu zen. Biktimak, baina, alde egitea lortu zuen, eta larrialdi zerbitzuei gertatutakoa jakinarazi zien. 

Ertzaintza eta osasun langileak erasoa jazo zen lekura joan ziren, eta ospitalera eraman zuten gizona. Ertzaintzak, bestalde, ikerketa abiatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak