Gizartea -
Bizkaia
Bilbo-Mungia Bizkaibus lineako gidari bati eraso egin diote
Erasoa igande goizaldean gertatu zen. Hiru emakume gaztek jipoia eman zioten txoferrari, eta gidaria ospitalean artatu behar izan zuten. Gertatutakoa gaitzesteko elkarretaratze bana deitu ditu Mungian eta Bilbon.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaibuseko 3516 Bilbo-Mungia lineako gidari batek igande goizaldean pairatutako erasoa salatu du Vectalia Txorierri enpresa-batzordeak. "Gizarteak ezin ditu horrelako jokaerak onartu", salatu du enpresa-batzordeak ohar baten bidez.
Gertatutakoa gaitzesteko bi elkarretaratze deitu ditu: lehenengoa, gaur, 11:00etan, Mungiako Udaletxearen aurrean; eta bigarrena, berriz, asteazkenean, 11:00etan, Bilboko Foru Aldundiaren parean.
Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, 00:20ak aldera Bizkaibuseko gidari batek patruila bat eskatu zuen telefonoz, emakumezko gazte bere autobusa kolpatzen ari zelakoan. Mungiako Udaltzaingoa bertaratu zen, eta giroa baretu.
Gerora, eta gidaria ohartu gabe, emakume hori bera ibilgailura igo zen beste bi lagunekin batera. Autobusa Bilbora heldu zenean, hiru emakumezkoek gidariri eraso egin zioten, korderik gabe utzi arte. Txoferra Basurtuko Ospitalean artatu behar izan zuten, Jose Antonio Alex Vectalia Txorierri enpresa-batzordeko kide eta Prebentzio ordezkariak Euskadi Irratiri jakinarazi diotenez (berak lagundu zion, hain justu, erietxera).
Bestalde, Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko diputatuaren hitzetan, "erabat onartezina da" jazotakoa, eta Vectalia Txorierri enpresa-batzordearekin bildu dela jakinarazi du, "gertatutakoa aztertzeko eta, horrelakorik berriro gerta ez dadin, hartu beharreko neurriak ikusteko".