Gizartea -
Futbola
Ikurrina eta Nafarroako bandera Sadarreko harmailetatik erretiratu izana ikertuko du Osasunak
Osasuna eta Mallorcaren arteko partida aurretik, harmailetan jarrita zeuden ikurrina, Nafarroako bandera eta Gazte Koordinadora Sozialistak eskegitako pankarta bat erretiratu zituzten segurtasun indarrek. Ohar baten bidez, Osasunak gertatutakoa "deitoratu" du.
EITB MEDIA
Larunbat honetan Osasuna eta Mallorcaren arteko partidaren atarian, Sadarreko harmailetan eskegita zeuden ikurrina, Nafarroako bandera eta pankartak estadioko segurtasun indarrek erretiratu izana ikertuko duela iragarri du Osasuna futbol klubak, "erantzukizunak zuritzeko eta dagokion moduan jarduteko".
Ohar baten, bidez Osasunak gertatutakoa "deitoratu" du, eta ikerketa abiatuko duela adierazi du.
Osasuna eta Mallorcaren arteko partida aurretik, harmailetan jarrita zeuden ikurrina, Nafarroako bandera eta Nafarroako Gazte Koordinadora Sozialistak jarritako pankarta bat erretiratu zituzten Sadarreko zenbait segurtasun indarrek. Horiek eskegitzeko baimenik ez zela eskatu argudiatu zuten hasieran.
Orduan giroa gaiztotu zen Sadarren: segurtasun indarren eta klubaren zuzendaritzaren aurkako oihuak eta txistuak bota zituen publikoaren parte batek. Handik gutxira, pankartak eta banderak berriz zabaltzeko baimendu zuten.