Gizartea -
ALERTA METEOROLOGIKOAK
Abisu horiak haizeagatik, olatu handiengatik eta euri zaparradengatik
Biharko 24:00ak arte euri asko egingo du Kantauri isurialdean, Baztanen eta Bidasoan. Gainera, olatu handiak espero dira euskal kostaldean. Goizaldean 125 km/h-ko ufadak neurtu dituzte Matxitxakon (Bizkaia).
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Haizea, euria eta olatuak protagonista izango dira gaur honetan Euskal Herrian. Hiru abisu hori aktibatu dira, bana fenomeno meteorologiko bakoitzeko:
Olatuak:
Euskal kostaldea abisu horian egongo da gaur egun osoan zehar, itsasaldeko arriskuagatik eta olatu handiengatik. 00:00etan aktibatu da abisua eta bihark 24:00ak arte egongo da indarrean Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin.
4-6 metro arteko olatuak espero dira (4-5 Euskalmeten arabera eta 4-6 Pirinio Atlantikoetako prefetaren arabera) eta arriskutsua izango da nabigazioa.
Haizea:
Iragarpen meteorologikoen arabera, haizeak indarrez jo du goizaldean Bizkaiko golkoan, Mantxako Kanalaren mendebaldean gertatzen ari den depresio bat dela eta. Haizeagatik ezarritako abisu horia 09:00etara egongo da indarrean.
Haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete EAEko haizeguneetan; mendi inguruetan, batez ere; eta gainerakoan. 60-80 km/h-koak izan daitezke ufadak. Euskalmetek emandako datuen araera, 125 km/h-ko ufadak neurtu dituzte Matxitxakon, eta 105etik gorakoak, Urduñan, biak ala biak Bizkaian.
Euria:
Euria ere gogotik egingo du gaur eta, horregatik, abisu horia ezarri dute Kantauri isurialdean eta Nafarroan.
Euskalmeten aurreikuspenen arabera, 03:00etatik biharko 24:00etara, 24 ordutan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait tokitan. Arabako lautadan 20-40 l/m² izango lirateke.
Bestalde, AEMETek iragarri du Baztan eta Bidasoa ibarretan ur pilaketa handiak egongo direla, 12 ordutan 60 l/m² ingurukoak.
Eta bihartik aurrera, elurra: