Gizartea -
Elkarrizketa
Miren Elgarresta: "Euskal gizarteak indarkeria matxistaren aurrean duen jarrera apartekoa da"
Emakundeko zuzendariaren arabera, ez dago indarkeria matxistaren aurkako neurri hutsezinik, "arazo estrukturala, kulturala eta mundu mailakoa da", eta esparru guztietatik egin behar zaio aurre.
Olatz Prat | EITB Media
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren arabera, azken asteetan hilketa matxistek izan duten gorakadak gizartea "astindu" du, "porrot" gisa sentitzen du. Horren aurrean, Elgarrestak Radio Euskadiko Boulevarden adierazi du garrantzitsua dela egoerari perspektibaz begiratzea, "garrantzitsua da presazko interpretazioak egitea eta presazko konponbideak proposatzea saihestea. Kasu bakoitzaren azterketa egin behar da eta babes-neurrietan pentsatu", adierazi du.
Gaineratu duenez, "matxismoaz ari garenean sakoneko arazo bati buruz ari gara, eta horra jo behar dugu, arazoaren sustraira bertara. Ez daukagu neurri hutsezinik. Arazoa estrukturala da, kulturala eta mundu mailakoa, eta arlo guztietan jardun behar dugu , hala nola hezkuntzan edo osasunean. Denok izan behar dugu genero-ikuspegia, eta indarkeria matxistaren kasuan, jakin behar dugu zein diren arrazoiak, bereziki hain agerikoak ez diren horiek".
Kondenak murriztea eta kasu batzuetan erasotzaileak espetxetik ateratzea ahalbidetu duen "Bai bakarrik da bai Legea"-ri buruz eta hura zuzendu beharrik ikusten duen galdetuta, Elgarrestak azpimarratu du "lege honek izan dezakeen akatsa teknikoa" dela, eta akats hori arauak berez dituen "ontasunak lausotzen" ari dela: "Uste dut legea ona dela eta erantzuna ematen ari zaiola emakumeen sexu-askatasunaren aurkako indarkeria mota bati, 2004ko legearen esparru juridikoan jasota ez zegoena. Orain arte bikote edo bikote-ohiaren esparruan gertatzen ziren indarkeriak baino ez baitziren hartzen kontutan".
Barne Ministerioak "erasotzaileengan arreta jartzeko" eta tratu txarrak ematen dituztenen fitxategi bat sortzeko planteatutako neurriari dagokionez, uste du "neurri bat gehiago" izango litzatekeela, baina "legezko mugak" daudela, eta "hobeto zehaztu" beharko litzatekeela "nola planteatzen dituen muga horiek gainditzea, pertsona guztien askatasunak bermatu behar dituen gizarte baten testuinguruan".
Euskadiko lehen hilketa matxista 2022an izan zen, urtearen amaieran, Bilbon. Rebeca San Frantzisko auzoan hil zuen haren bikotekideak -aurrekariak zituen genero-indarkeriagatik-. Eskaileretatik behera bota zuen hil baino egun batzuk lehenago, baina Rebecak ez zuen salatu. Rebeca zerk salba zezakeen galdetuta, Elgarrestak uste du "emakume hori Euskadin ditugun babes-sistemetara iritsi ahal izateak" salba zezakeela. Emakundeko zuzendariak gaineratu duenez, ordea, "hilketa bat dagoenean icebergaren punta da agerian geratzen dena", baina indarkeria matxistak "geruza asko" ditu. "Emakume askok pairatzen dituzte indarkeriaren katearen ondorioak eta horren muturrean dago hilketa. Baina emakume asko dago indarkeria pairatu arren indarkeriatzat hartu ez edo egoera publiko ez egitea erabakitzen dutenak, eta hori da arazo nagusia". Horregatik, Elgarrestaren arabera beharrezkoa da "prebentzioan eta kontzientziazioan" lan egiten jarraitzea.
Beatriz Artolazabal sailburuak egin bezala, ziurtatu du ez duela Euskadiko emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegiak kolapsatuta dauden berririk, eta nabarmendu duenez "erkidego honetan lanean jarraitzen dugu biktimei arreta ematen dieten profesionalak prestatzeko, komisarietara eta epaitegietara iristen direnean, ematen zien arreta hobetze aldera".
Elgarrestak, Bizkaiko Berdintasun diputatu Maria Teresa Laespadak anestesia sozialari buruz egin berri dituen adierazpenak entzunda, azaldu du bere ustez, euskal gizartea ez dagoela inolaz ere anestesiatuta indarkeria matxistaren errealitatearen aurrean. "Berdintasun-politiken arduradun gisa egin dudan ibilbidean, ia 8 urte, indarkeria-kasuetan eta emakumeen aurkako beste edozein indarkeria-motatan erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa duten udalerri eta erakunde guztietan, gaitzespen-kontzentrazio askotan parte hartu dut, eta uste dut euskal gizartearen jarrera apartekoa dela. Ezin dut esan anestesia sozialik dagoenik. Uste dut asko aurreratu dela azken urteotan. Duela urte gutxi arte, berdintasun-politikak ez zeuden politika orokorreko agendan ere; gaur egun, ordea, agenda guztietan dago ".