Gizartea -

KORONABIRUSA

Txertaketa pauta osatzeko deia egin du Osasun Publikoko Batzordeak, covid-19aren aldaera berrien aurrean

Txinan covid-19 kasuek izan duten gorakada dela eta, bilera egin du, gaur goizean, Osasun Publikoko Batzordeak —autonomia erkidegoek eta Espainiako Osasun Ministerioak eratzen duten taldea—, egoera aztertu eta aurrera begirako erabakiak hartzeko.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren aldaera berrien aurrean, txertaketa zikloa osatzeko deia egin die herritarrei Osasun Publikoko Batzordeak, eta horretarako kanpaina bultzatzeko erakundeei, bereziki, pertsona zaurgarrienak babesteko. Batzorde horren hitzetan, txertoaren indartze dosiak aldaera berriei aurre egiteko egokituta daude.

Halaber, covid-19aren aldaera berrien agerpena goiz atzemateko baliabideak jartzearen eta "sekuentziazioa indartzearen alde" egin dute autonomia erkidegoek eta Espainiako Osasun Ministerioak, goizean egin duten bileran.  Hain zuzen, Txinan covid-19 kasuek izan duten gorakada dela eta bildu da Osasun Publikoko Batzordea, egoera aztertu eta aurrera begirako erabakiak hartzeko.

Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, azken hilabete honetan Txinan agertu den XBB.1.1. aldaeraren —Kraken izenez ezaguna— hainbat kasu agertu dira, dagoeneko, EAEn eta Madrilen.

Aurreko astean baieztatu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Kraken aldaeraren zenbait kasu atzeman zituztela, baina "kasu isolatuak" zirela nabarmendu zuen, eta ez zutela Txinarekin loturarik. 

Bestalde, Osasunaren Munduko Erakundeak toki itxietan eta garraio publikoan maskara erabiltzea gomendatu zuen atzo, Txinan izaten ari den covid-19 kasuen hazkundearen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Osasunbidea