Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Artolazabalek ukatu egin du emakumeen aurkako indarkeria arloko EAEko epaitegiak kolapsatuta daudela
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ziurtatu duenez, ez du horri buruzko biktimen, agente judizialen eta Fiskaltzaren salaketarik.
EITB MEDIA
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ziurtatu duenez, berak dakienera arte emakumeen aurkako indarkeria arloko EAEko epaitegiak ez daude kolapsatuta, "ez baitidate horrelakorik helarazi ez biktimek, ez agente judizialek, ezta gure epaitegietan lan egiten duen Fiskaltzak ere". "Hobetzeko hainbat esparru ditugu, baina egia da gauza asko egiten ari garela. Sailburu naizen aldetik dakidanera arte, euskal epaitegiak ez daude kolapsatuta", gaineratu du.
Kazetarien galderei erantzunez hitz egin du sailburuak Emakunderen 2022ko Berdintasun Saria iragartzeko prentsaurrekoan.
Artolazabalen esanetan, indarkeria matxistaren biktimek eskatzen dutena instantzia judizialetan haiekiko "enpatia handiagoa" izatea, eta sailburuaren arabera, eskari hori EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteari helarazi zaio dagoeneko.
Berak gidatzen duen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailetik indarkeria matxista pairatzen duten emakumezkoei arreta hobea eskaintzeko egoitza judizialetan egiten ari diren lana azpimarratu du. Azpiegiturei dagokienez, espazio horiek eraberritu egin direla nabarmendu du. Gasteizeko epaitegiaren adibide zehatza jarri du: normalean lan egiten duten sei langileei beste bi profesional gehitu zaizkie.
Biktimak berriro biktima bilakatzea ekiditea da instalazioak egokitzearen helburuetako bat. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza lantalde horien prestakuntza indartu nahian ari dela esan du.