Gizartea -

Eguraldia

2022ko tenperatura ohikoa baino 1,8 gradu altuagoa izan da Euskal Herrian, eta 0,3 altuagoa mundu mailan

Copernicus programaren arabera (Lurra Behatzeko Europar Batasuneko Programa da), 2022 historiako bosgarren urterik beroena izan da, bigarrena Europan; Euskal Herrian, batez besteko tenperaturak errekorrak hautsi ditu. Prezipitazioa ohikoa baino % 37 ere urriagoa izan da.

Irudia: EITB Media.
Irudia: EITB Media.
Irudia: EITB Media.

JESUS ELORDUI | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022ko batez besteko tenperatura Euskal Herrian ohikoa baino 1,7-1,8 gradu altuagoa izan da, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak, Nafarroako Gobernuaren Meteorologia eta Klimatologia Zerbitzuak eta infoclimat.fr web orriak emandako eta eitb.eus-ek jasotako datuen arabera. Mundu mailan, batez besteko tenperatura ohikoa baino 0,3 gradu beroagoa izan da, C3Sren txosten batek dioenez. C3S Copernicus programako Klima Aldaketako Zerbitzua da (Copernicus Lurra Behatzeko Europar Batasuneko Programa da); txosten horrek jasota du 2022 historiako urterik beroenetan bosgarrena izan dela, Europa mailan bigarren beroena.

Bildu ditugun datuetan sakonean sartu aurretik, azalduko dugu nola lortu ditugun. C3Sren txostena abiapuntu ("2022ko munduko klimaren datu esanguratsuak" du izenburu), Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko batez besteko tenperaturaren eta batez beste pilatutako prezipitazioaren gaineko adierazle batzuk jaso ditugu; hain zuzen ere, EAErako, Euskalmetek urtarrilaren 2an zabaldutako prentsa ohar bat baliatu dugu, bai eta 2022ko klimatologia txostenak ere, azken kasu horretan jakiteko zenbat bota duen amaitu berri den urtean eta aurreko bederatzietan Euskadiko sare automatikoko estazio adierazgarrietan, alegia, Arrasaten, Bilbon, Donostian, Paganosen (Guardia) eta Gasteizen; Nafarroako Gobernuak Iruñean duen estazioko tenperatura eta prezipitazio datuak ere jaso ditugu; eta, Ipar Euskal Herrirako, Biarritz-Angeluko estazioa izan da gure erreferentzia.

Aurkezpen hau bukatzeko, adieraziko dugu zer ondorioztatu dugun. Alde batetik, arestian esan bezala, Euskal Herrian 2022an izandako batez besteko tenperatura ohikoa baino 1,8 gradu ere beroagoa izan dela, eta 0,3 gradu beroagoa mundu mailan; eta, bestetik, C3Sk aipatutakoarekin bat eginda (txostenean dio prezipitazio eskasia "iraunkorra" izan dela, munduan), Euskal Herrian, 2022an, ohikoa baino % 38 gutxiago ere prezipitazio txikiagoa izan dela hainbat tokitan.

Batez besteko tenperatura: ohikoa baino 1,7-1,8 gradu gehiago Euskal Herrian, eta munduan 0,3 gradu egin du gora

2022an errekorrak hautsi ditu tenperaturak, eta hori ondo baino hobeto erakusten du Copernicuseko Klima Aldaketako Zerbitzuaren txostenak; izan ere, amaitu berri da munduan izandako bosgarren urterik beroena, Europako bigarrena, 2022ko udara inoizko beroena izan zen, eta udazkena hirugarren beroena. Mundu mailan, batez besteko tenperatura 1991-2020 erreferentzia periodoko tenperatura baino 0,3 gradu altuagoa izan da, eta 1850-1900 periodoari erreparatuz gero, igoera 1,2 gradukoa da (periodo hori industriaurreko arora gerturatzeko baliatzen dute adituek). Gogora ekarriko dugu herrialdeek, Parisko Klima Hitzarmenean, konpromisoa hartu zutela mende honetan ez gainditzeko, mundu mailan, 1,5eko igoera, 1850-1900 erreferentzia periodoarekin alderatuta. 

2022ko tenperatura ohikoa baino 1,8 gradu beroagoa izan da

Ez da zuzena, nolanahi ere, gure lurraldeak eta planetak izandako gorakadak alderatzea; izan ere, baldintzak ez dira berdinak Lurreko puntu guztietan.

Pilatutako prezipitazioa: munduan, eskasia "iraunkorra" izan da, Euskal Herrian ohikoa baino % 37 lehorragoa

C3Sk, txostenean, nabarmentzen du 2022an prezipitazio eskaria "iraunkorra" izan dela munduan; horrek, tenperatura altuekin eta beste eragile batzuekin batera, ekarri du lehorte orokortua egotea.

Egia esan, Euskal Herrian pilatutako prezipitazioa, berriki bukatu den urtean, jaso ditugun datuen arabera, ohikoa baino eskasagoa izan da. Biarritzen, 1981-2010 periodoa erreferentzia gisa hartuta, % 20 gutxiago bota du (ohikoa da metro koadroko 1.450,9 litro botatzea, eta 2022an, aldiz, 1.155 bota du); Iruñean, beherakada % 37,5ekoa izan da (482,4 2022an, eta batezbestekoa 771,1 da); eta Euskadin, estazio adierazgarrietan jasotako datuen arabera, Iruñean gertatutakoa errepikatu da, alegia, ohikoa baino % 37,7 gutxiago busti du (kasu horretan, batezbestekoa 2013tik 2021era bitartean jasotako datuak hartu ditugu kontuan).

C3Sko zuzendari Carlo Buontempok, baliatu dugun txostena aurkeztu duenean, azaldu du aukera dagoela 2023 ere urte beroa izan dadin, nahiz eta hori oraindik erabat argi ez egon. Mauro Faccinik, Europako Batzordeko Defentsa eta Espazio Industriako Zuzendaritza Nagusian Lurraren Behaketako arduraduna bera, adierazi du ekintza klimatikoa premiaz gauzatzea "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela. Ondorengo hilabeteek zehaztuko dute zein den hasi berri dugun urtearen bilakaera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketaren albisteak Gaurko albisteak Nafarroan Iparraldea bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Larrialdi klimatikoa albisteak