Gizartea -

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistaren aurkako neurrien erdigunean erasotzaileak jartzen hasi dira erakundeak

Barne Ministerioak areagotu egingo du erasotzaile "arriskutsuenen" kontrola, eta horiei eskumuturrreko telematikoak ezartzea eskatuko die epaileei.

Hilketa matxisten kontrako mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Hilketa matxisten kontrako mobilizazio bat.
Hilketa matxisten kontrako mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldaketa indarkeria matxistaren aurkako borrokan: hilketak saihesteko neurrien erdigunean erasotzaileak jartzen hasi dira erakundeak. Hau da, emakumeak babesteko ez ezik, tratu txar emaileak kontrolatzeko neurriak ere onartzen hasi dira.

Horren ildotik, Espainiako Gobernuko Barne Ministeriotik iragarri dute erasotzaile matxista "arriskutsuenei" eskumuturreko telematikoak inposatzea eskatuko dietela epaileei.

Beste neurri mota bat aztertzen ari da Ministerioa: emakumeei nolabait ohartaraztea ezagutu berri duten gizon batek aurrekari matxistak dituela. Oraingoz, baina, ez dakite nola gauzatu ideia hori, Fiskaltzak zalantzak agertu baititu horren harira.

EFE agentziak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak neurri horiek jarri ditu mahai gainean, Estatu osoko poliziek (Ertzaintza eta Foruzaingoa barne) iaz izan ziren 49 hilketa matxisten inguruan emandako datuak aztertu eta gero.

Aipatutako iturrien arabera, segurtasun indarrek eskatuko dituzte kontrol telematikorako gailuak, kasuaren arriskua baloratzeko txostenaren bidez, arrisku ertaina eta garrantzi berezia duela ebazten denean. 

Neurri horrek Emakumeen aurkako Indarkeriaren Aretoko Fiskaltzak fiskalei bidalitako idatziaren irizpidea jarraitzen du. Helburua, iturrien arabera, garrantzi berezia eta "potentzialki hilgarriak" diren kasuetan prozedura hobetzea da. 

Gaur egun, VioGen izeneko sisteman 18 emakume daude erregistratuta muturreko arriskuan, 730 baino gehiago arrisku handian eta 10.000 inguru arrisku ertainean. Gainera, 3.000 eskumuturreko aktibo daude. 

Euskadin, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak horrelako neurriak hartzeko atea ireki du, izan ere, "erasotzaileengan arreta jartzeko garaia da".

Jorge Bermudez, fiskala: 'Kasu jakin batzuetan epaileek kautelazko neurriak onartzea zaila ikusten dut'
Jorge Bermudez, fiskala: 'Kasu jakin batzuetan epaileek kautelazko neurriak onartzea zaila ikusten dut'
Jorge Bermudez, fiskala: 'Kasu jakin batzuetan epaileek kautelazko neurriak onartzea zaila ikusten dut'

1:15

Fiskaltzaren proposamenak

Bestalde, tratu txarren biktimak eta euren seme-alabak babesteko neurriak areagotu nahi ditu Emakumearenganako Indarkeriaren kontrako Fiskaltzak, eta hala, aurrerantzean auziotan jarraitu beharreko irizpide zerrenda helarazi die Estatu osoko fiskalei. Idatzian jasotzen denez, biktimek eurek eskatu ez arren, kautelazko neurriak galdegingo dituzte fiskalek, eta arriskua handia denean eta badaezpadako kartzelaldia ezarri ez denean, tratu txar emaileari kontrolerako gailu telematikoak jartzea ere eskatuko dute. 

Abenduan eta urte hasieran izandako hilketa matxisten kopuru handiari aurre egin nahian bidali du jardunbideen idatzia Teresa Peramato Emakumearenganako Indarkeriaren kontrako Aretoko fiskalak. 

Idatzian, biktimak babesteko orduan "proaktiboak" izateko deia egiten die fiskalei. Hori horrela, biktimek eurek babes neurriak eskatu ez arren, ministerio publikoak kautelazko neurriak galdegin behar dituela azpimarratu du. Erasotzaileari buruz poliziaren eta justiziaren fitxategietan jasotakoa aztertzeaz gain, arrisku maila neurtzeko auzitegi medikuaren txostena ere eskatzeko gomendatu die. 

Abokatuek diote baliabide gehiago behar direla genero indarkeria kasuak behar bezala lantzeko
Abokatuek diote baliabide gehiago behar direla genero indarkeria kasuak behar bezala lantzeko
Abokatuek diote baliabide gehiago behar direla genero indarkeria kasuak behar bezala lantzeko

1:17

Horren ildoan, arriskua "muturrekoa, "handia" edo "erdibidekoa baina nabarmena" bada eta badaezpadako espetxealdia eskatu ez badute, erasotzaileari kontrolerako gailu telematikoa jartzea agindu die. 

Peramatok idatzian gogorarazi duenez, 2022an izandako hilketa matxisten % 43an hiltzaileak aurrekariak zituen tratu txarregatik, baina sei emakumek baino ez zituzten babes neurriak indarrean. Gainera, lau kasutan zigortuta zegoen gizona, eta horietatik bitan biktimarengandik urruntzeko agindua zuten. 

2022ko hirugarren hiruhilekoaren datuei erreparatuta (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandakoak), aurkeztutako tratu txarren salaketen % 20an eskatu ziren babes neurriak, eta galdegindakoen artean % 66 pasatxo onartu ziren. Hortaz, epe horretan salatutako kasuen % 13,9an bakarrik ezarri zituzten babes neurriak. 

"Datuok agerian uzten dute indarkeria matxistaren prozedura judizialetan ezartzen den babes maila eskasa", deitoratu du Teresa Peramatok. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Espainia Epaiketak Salaketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa