Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadin covidaren aurkako txertoa hartu nahi duten herritarren kopurua nabarmen hazi da azken egunetan
Hori baliatuta, Osasun sailak beste behin txertaketaren garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi du oraindik badirela hitzorduak hurrengo asteetan txertoa jartzeko.
EITB MEDIA
Gabonetako oporren ondotik, Euskadin nabarmen ugaritu dira covid-19aren aurkako txertoa hartu nahi duten herritarrak. Igoera hau Txinako egoerarengatik, Kraken aldaera berriarengatik, edo besterik gabe oporrak amaitu direlako gertatu ote den ez dakite osasun arduradunek, baina Jaurlaritzak berriro baliatu du aukera txertatzeak duen garrantzia azpimarratzeko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, Gabonetan beherakada txiki bat izan ondoren, koronabirusari aurre egiteko txertoa jartzeko hitzordu eskaerak areagotu egin dira: "Aste honetarako 10.000 hitzordutatik, 9.200 beteta ditugu jada", nabarmendu du.
Ildo horretan, txertaketa covid-19ari aurre egiteko tresnarik onena dela gogorarazi nahi izan dute eta hurrengo asteetarako txertatzeko plaza libreak daudela jakinarazi du: (2.100 hitzordu eskuragarri datorren asterako eta 3.727 urtarrileko azken asterako).
Estatu Batuetan Kraken aldaera nagusitzen ari den arren, eta Euskadin gutxienez bi kasu baieztatuta egon, Miren Basaras mikrobiologoak gaur goizean Egun On Euskadi saioan adierazi duenez, egun erabiltzen ari diren txertoak eraginkorrak dira Kraken azpialdaerari aurre egiteko, eta hori "mezu positiboa" dela esan du.