Gizartea -
Munduko Meteorologia Erakundea
Ozono-geruza berreskuratzen ari da, eta berotze globala moteltzen lagun dezake
Ozono-geruzarako kaltegarriak diren substantzia kimikoen % 99 mundu mailan pixkanaka desagerrarazteari esker, geruza berreskuratu eta klima-aldaketa moteldu egiten da.
Agentziak | EITB Media
Ozono-geruza berreskuratzen ari da mundu-mailan harentzat kaltegarriak diren substantziak pixkanaka debekatzen hasi zirenetik, eta, datozen lau hamarkadetan Montrealgo Protokoloan aurreikusitako neurriei eutsiz gero, hobekuntza horrek tenperaturaren igoera globala moteltzen lagunduko du, hemendik 2100ra, 0,5 gradu gutxi gorabehera, Munduko Meteorologia Erakundeak (WMO) baieztatu duenez.
Montrealgo Protokoloaren Ebaluazio Zientifikoko Taldearen lau urteko ebaluazio-txostenaren datuek baieztatzen dutenez, ozono-geruzarako kaltegarriak diren substantzia kimikoen % 99 mundu mailan pixkanaka desagertzeak geruza berreskuratzea eta klima-aldaketa moteltzea ahalbidetzen du.
Txostenak berretsi du goi-mailako estratosferaren berreskuratze nabarmena eta eguzkiaren erradiazio ultramore kaltegarriaren eragina murriztu dela.
Horrela, egungo politikei eutsiz gero, ozono-geruzak 1980ko balioak berreskuratuko dituela uste dute, hau da, ozono-zuloa sortu aurrekoak, gutxi gorabehera 2045ean Artikoan, 2066an Antartikan eta 2040an mundu osoan.
Gainera, zientzialariek ondorioztatu dute Antartikako ozono-zuloaren tamainako aldaketak, batez ere 2019 eta 2021 artean, eguraldiaren ondorio izan zirela. Hala ere, gaineratu du ozono-zuloaren azalera eta sakonera murriztu egin direla 2000. urtetik.
Meg Seki Nazio Batuen Erakundeko Ingurumen Programaren idazkari exekutiboak "berri ezin hobetzat" jo du lau urteko azken txostenak ozono-geruza berreskuratzen ari dela baieztatzea.
Petteri Taalas WMOko idazkari nagusiak pozik hartu du ozonoarekin lotuta hartutako neurriek "klima-ekintzarako aurrekari" bat ezartzen dutela, eta iragarri du ozono-geruza suntsitzen duten substantzia kimikoak pixkanaka ezabatzeari esker lortutako "arrakastak" erakusten duela zer egin daitekeen eta premiaz zer egin behar den, erregai fosilak erabiltzeari uzteko, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta, beraz, tenperaturen igoera mugatzeko.