Gizartea -
Gipuzkoa
Jada 19 dira ostatu eman dieten Pasaiako eraikineko bizilagunak
Egituraren kaltea ez da lehenengo egunean pentsatzen zena bezain larria, baina Udala "zuhurra" da eta txosten gehiagoren zain dago.
agentziak | eitb media
Egituraren hutsegite batengatik jendez hustu zuten Pasaiako (Gipuzkoa) eraikineko beste sei bizilaguni eman diete ostatu, eta jada 19 dira etxetik kanpo daudenak, erakundeek emandako lekuetan, Errege egunean eraikinetik atera ostean, Izaskun Gomez alkateak jakinarazi duenez.
42 izan ziren urtarrilaren 6an etxetik atera zituztenak, pilare batek huts egin ostean. Zarata handia entzun zen, eta kaltea hasieran pentsatzen zena bezain larria ez bada ere, Udala "zuhurra" da eta txosten gehiagoren zain dago, Gomezen esanetan.
Bizilagun gehienek senide edo lagunen etxeetan hartu dute aterpe, eta atzo etxean sartzeko aukera izan zuten beharrezko gauzak jasotzeko. Gaur jarraituko dute etxean utzi zituzten gauza batzuk berreskuratzen.
Gomezek azaldu du banaka igo zirela bizilagunak etxera, jaso beharrekoen zerrenda eskuan, ahal zen azkarren egiteko sartu-irtena.
Erakunde publikoek "egoerak eskatzen duen premiaz" jokatu dutela gaineratu du Gomezek, eta orain etxebizitzen jabeei dagokiela aseguru-etxeekin harremanetan jartzea eta arazoa konpontzeko arkitekto bat kontratatzea.
Eraikinaren egoerari dagokionez, atzo behealdea eta lehenengo solairua habetu ostean, burdingile batek egin behar du egitura indartzeko pieza.
"Badirudi, zuhurtzia osoz, kaltea ez dela handia, lehenengo egunean pentsatzen genuenaren aurka", berretsi du alkate pasaitarrak.