Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Hiru emakume hil dituzte hiru gizonek azken orduotan
44 urteko emakumezko bat ito du gizon batek Almerian; 46 urteko beste bat hil da bikotekideak tirokatuta Kadizen; eta 24 urteko gazte bat labankadaz hil du bere bikotekideak ere Ciudad Realen. 2003tik 1.182 emakumezko hil dituzte Espainiar Estatu osoan, eta horietatik 40 inguru Hego Euskal Herrian.
EITB MEDIA
Hiru gizonek hiru emakume hil dituzte igande honetan: bat Almerian, beste bat Cadizen eta hirugarren bat Ciudad Realen. Urtea hasi zenetik Espainiako Estatuan indarkeria matxistaren ondorioz hil diren lehen biktimak dira.
Almeria
Almeriako Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du Roquetas de Marren, harekin sexu-harremanak izan ostean emakume bat ito duela aitortu ostean, ikerketako iturriek EFEri jakinarazi diotenez.
Hildakoa (44 urte) eta atxilotua (30 urte) ez ziren bikotekideak, iturri berberek gaineratu dutenez. Gizonak aurrekariak zituen Jarraipen Integraleko Sisteman, genero-indarkeriako kasuetan (Viogén), beste emakume batekin lotuta.
Almeriako Komandantziako agenteek biktimaren etxean atxilotu dute gizona, eta harekin sexu-harremanak izan ondoren ito egin zuela aitortu du.
Cadiz
Cadizen, gizon batek bere bikotekidea hil du tiroz, El Puerto de Santa Marian. 40 urteko gizonezkoak aitortu egin du 46 urteko emakumea hil izana eta Poliziak atxilotu du dagoeneko.
Antza denez, atxilotuak eta biktimak harreman sentimentala zuten duela urtebete ingurutik. Igande honetan, 07:00ak aldera, aurkitu dute emakumearen gorpua, Valdelagranako kostaldeko etxebizitza batean.
Gizona goizaldeko laurak aldera aurkitu eta atxilotu duten, herritar batek etxebizitza partikular baten aurka tiro egin duela jakinarazi ostean.
Atxiloketaren unean, errebolber bat zeraman, alkoholaren edo beste substantzia toxiko batzuen eraginpean zegoen eta "bere maitea hil" duela adierazi die agenteei.
Goizeko zazpiak aldera, agenteak Sherry Badia urbanizazioko etxebizitza batera sartu dira, eta bertan aurkitu dute emakumearen gorpua, tiroek eragindako zauriekin.
Ikerketak zabalik jarraitzen du autopsiaren emaitzen zain, heriotzaren arrazoiak eta hilketa horren nondik norakoak ezagutzeko eginbideak zehazteko, Poliziak azaldu duenez.
Ciudad Real
Ciudad Realen, Guardia Zibilak gizonezko bat atxilotu du, 24 urteko bikotekidea arma zuriz hil duelakoan.
Gizona Piedrabuenako Guardia Zibilaren egoitzan dute atxilo, baina institutu armatuak ez du oraindik baieztatu indarkeria matxista kasu bat den, Espainiako Gobernuak Gaztela-Mantxan duen Ordezkaritzako iturriek EFEri azaldu diotenez.
Hala ere, familia-iturriek EFEri ziurtatu diotenez, atxilotua eta biktima elkarrekin bizi ziren, 3 urteko alaba bat dute eta erasotzaileak berak eman die abisua osasun-zerbitzuei eta Guardia Zibilari, Piedrabuenako etxean (Juan de Austria kalean) gazteari eraso egin ostean.
Larrialdietako mediku talde bat, ZIU mugikor bat eta larrialdietako anbulantzia bat bertaratu dira, baina ezin izan dute emakumearen bizia salbatu. Guardia Zibileko agenteek ustezko hiltzailea atxilotu dute.
Zenbaketa beldurgarria 2003tik
2003az geroztik, 1.182 emakumezko hil dituzte euren bikotekidek edo bikote ohiek Espainiar Estatu osoan, eta horietatik 40 inguru Hego Euskal Herrian, Berdintasun Ministerio espainiarraren datuen arabera (2003an hasi ziren ofizialki genero-indarkeria biktimak zenbatzen).