Gizartea -
Urtarrilaren 6ko zozketa
Hego Euskal Herriko biztanle bakoitzak, batez beste, 19,77 euro jokatuko ditu Erregetako loterian
Hiriburuen artean, Bilbo izan da orain arte sari nagusi gehien jaso dituena; guztira 19. 2023ko zozketa ostiralean egingo dute, 12:00etan hasita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan Erregetako loteriaren 237.078 billete saldu dituzte ostiraleko zozketarako. Beraz, batez beste, 47,41 milioi euro jokatuko dituzte guztira EAEko herritarrek. Horrek esan nahi du, batez beste, 21,42 euro jokatu dituztela, Estatuko Loteria eta Apustuen arabera. Estatuan loteria gehien erosi duen laugarren erkidegoa da EAE.
Bizkaia da, hain zuzen ere, horretan diru gehien gastatuko duena (27,28 euro biztanleko). Araban, berriz, 16,61 euro xahutuko dituzte, batez beste, eta Gipuzkoan 14,31 euro.
Nafarroan 44.065,6 txartel salduko dituzte, alegia, 8,8 milioi euro jokatuko dituzte nafarrek loterian. Pertsona bakoitzeko 13,32 euroko gastua dakar horrek.
Sari potoloa 19 aldiz banatu dute Bilbon
2022ra arteko datuak kontuan izanda, 19 aldiz banatu dute sari nagusia Bizkaiko hiriburuan: 1916an, 1936an, 1945ean, 1946an, 1955ean, 1958an, 1963an, 1964an, 1966an, 1969an, 1972an, 1978an, 1981ean, 1989an, 1999an, 2002an, 2016an, 2018an eta 2021ean. Besteak beste, Barakaldo eta Getxo ere izan dira saridun -Getxo hiru aldiz-.
Donostian zortzi bider jausi da sari potoloa (1923an, 1927an, 1930ean, 1944an, 1963an, 1972an, 2020an y 2021ean).
Esan bezala, ostiral honetan egingo dute Erregetako loteriaren zozketa Madrilen, loteria-ontzi bikoitzen sistema erabilita. 100.000 billeteko 50 serie izango ditu. Billete bakoitzak 200 euro balio du, eta 20 euroko dezimotan dago banatuta.