Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Gizarte zerbitzuek Barakaldoko familiaren egoera ikertu zuten arazoren bat tarteko, Erkorekak berretsi duenez

Segurtasun sailburuak jakinarazi du haurrak hobera egiten ari direla, baina ez du kasuaren inguruko "espekulazio eta datu morbosoen" inguruan hitz egin nahi izan. Bestalde, Lukas Agirreren hilketaren kontura ohartarazi duenez, "gero eta arma zuri gehiago atzematen ditugu".

Erkoreka, elkarrizketaren une batean. EITB Media
Erkoreka, elkarrizketaren une batean.
Gizarte zerbitzuak Barakaldoko familiaren egoera ikertzen ari zirela baieztatu du Josu Erkorekak

0:40

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu duenez, gizarte zerbitzuek Barakaldoko familiaren egoera ikertu zuten, "ez ohiko arazoren bat" atzeman baitzuten, "baina gertakaria jazo arte, Poliziak ez zuen esku hartzerik izan". 

Urteberri egunean seme-alabak hiltzen saiatu zen emakumearen auziaz galdetu diote gaur Erkorekari, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Azaldu duenez, "ez dago berrikuntza nabarmenik", eta zauritutako haurrek hobera egiten jarraitzen dute, ospitalean. 

Hilketa saiakerari buruzko inguruabarrez itaundu badiote ere, sailburuak ez du "espekulazio eta datu morbosoen" inguruan hitz egin nahi izan, adingabeak tarteko daudela argudiatuta. 

Lukas Agirre hernaniarraren hilketaz mintzatu da Erkoreka. Horren iritzian, gertakari lazgarri horren punturik "deigarriena" arma zurien erabilera da. Ohartarazi duenez, "nabarmen hazi da erabilera hori, iragan hurbil batean ez bezala". Aitortu du "arazo kulturala" dela, Poliziak geldiarazteko "oso zaila". "Hainbat arlotatik landu beharreko gaia da", aitortu du. 

Datuak ere eman ditu. Azken urtean (2021eko azarotik 2022ko hilabete berera) arma zurien erabilerarekin lotutako 650 delituzko gertakari jaso ditu Ertzaintzak, gehienak indarkeriaz egindako lapurretekin edo lesio delituekin lotuta. Horrez gain, arma zuria eramateagatik 1.070 isun jarri ditu EAEko poliziak, legeak zigortutako jarduera baita. 

Azkenik, Bilboko San Frantzisko auzoan izandako hilketa matxista hizpide, Segurtasun sailburuak biktimaren senitarteko eta lagunen jarrera gaitzetsi du. "Hilketa gertatu ostean, emakumea tratu txarrak pairatzen ari zela esan dute, gauza jakina zela, baina ez zuten salaketa aurkeztu, eta horrelakoetan, poliziak ezin du esku hartzerik egin", adierazi du. Erkorekaren arabera, "argi dago zerbaitek huts egin dutela, batez ere biktimaren inguruan"

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak