Gizartea -
epaia
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du ezingo zaizkiela azpikontratatuei funtzionarioen euskara eskakizunak ezarri
Hala, Barakaldoko Udalak enpresa pribatu bati kontratua egiteko baldintza agiriko hizkuntza eskakizunaren puntua baliogabetu du.
agentziak | eitb media
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Administrazioarekiko Auzien Salak adierazi du tokiko administrazioek ezingo dizkietela funtzionarioen euskara eskakizunak ezarri udal erakundeetarako zerbitzuak ematen dituzten azpikontratetako langileei.
Auzitegiak partzialki onartu du CCOOk Barakaldoko Udalaren aurka jarritako helegitea, euskararen eskakizunari dagokionez, hain zuzen ere. Era berean, baliogabetu egin du hurbileko kultura zerbitzuak kudeatzeko eta kultura programak gauzatzeko kontrtuaren baldintza teknikoen agiria, enpresa kontratista bateko langileen hizkuntza eskakizuna ezartzen den puntuan.
Orain baliogabetutako baldintza agiriak kultur programak kudeatzeko langileen profila eta ezaugarriak ezartzen zituen, eta guztira 26 langile hartzen zituen barne, lanaldi osoan. Sindikatuak salatu zuenez, berritasun gisa, kontratuak hizkuntza eskakizunaren baldintza batzuk jasotzen zituen, eta eskakizun horiek "lanpostu guztiek" bete beharko zituzten, "salbuespenik gabe".
Zehazki, teknikarientzat euskarazko 3. profila eskatzen zuen, eta administrarientzat eta mantentze lanetako langileentzat, berriz, 2. profila. Kontratua bi urtekoa izango zen, eta esleipendunari ezartzen zion langileek eskakizun horiek betetzeko ardura hartzeko, bai enpresak programatutako prestakuntza plan baten bidez, bai langileek hizkuntza ziurtagiria lortzeko matrikula egin behar zutela adieraziz, kontratuaren iraupena gainditu gabe.
Igorritako epaian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi du eskakizun horrek ez duela "inolako lege babesik". "Enpresa pribatu bateko langileei ezin zaizkie langile publikoei ezartzen zaizkien eskakizun berberak ezarri", adierazi du.
Balorazio positiboa egin du CCOOk
Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiak "positibotzat" jo du epaia.
Adierazi duenez, sindikatuak uste du eskakizun hori "gehiegizkoa" eta "diskriminatzailea" zela, langile kopuru "oso handiarekin"; izan ere, enpresa pribatu bati hizkuntza eskakizun batzuk eskatzen ari zitzaizkion, baina, "inoiz eta inola ere, ez da bitartekorik eman langile horiek beharrezko ezagutza horiek osorik eskura ditzaten, eta, are gehiago, hizkuntza errealitatea baldintza agiri horretan eskatzen zena baino askoz ere txikiagoa den udalerri batean".
Garciak zehaztu du ados daudela euskararen erabilera hedatzearekin eta horretarako politika publikoak aplikatzearekin, baina, "hori egiteko, erraztasunak eman behar dira", eta ez zaie langileei eskatu behar hizkuntza bat ikastea "euren poltsikotik eta lanaldietatik kanpo, lanpostuei eutsi ahal izateko".
Barakaldo epaiaren aurrean helegitea aurkeztu ala ez aztertzen ari da
Bestalde, Barakaldoko Udalak ziurtatu du bere zerbitzu juridikoak aztertzen ari direla subrogatzeko euskararen derrigortasuna ukatzen duen epaia errekurritu ala ez, eta, beraz, ebazpen judiziala "arretaz" aztertuko duela.
Bizkaitar Udaleko iturriek adierazi dutenez, "subrogatutako pertsona ororen lanpostua bermatuko" litzateke edozein kasutan, "zalantzarik gabe".