Gizartea -

HERIOTZA

Vivienne Westwood diseinatzaile britainiarra hil da 81 urterekin

Punkaren dama bezala ezaguna, haren diseinu iraultzaileek 70eko hamarkadako estilismoa hankaz gora jarri zuten. Moda sortzaile eraginkorrenetako bat izan zen XX. mendeko azken urteetan.

Vivienne Westwood. Argazkia: EFE
Vivienne Westwood. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vivienne Westwood moda diseinatzaile britainiarra hil da, ostegun honetan, 81 urte zituela, Londresen. Haren agenteek eman dute heriotzaren berri, sare sozialetan argitaratutako mezu baten bidez.

70eko hamarkadan egin zen ezaguna Westood, punk eta rock estiloetako bere diseinu apurtzaileengatik. Malcon McLaren Sex Pistols taldeko produktorearekin batera, arropa denda bat zabaldu zuen Londres erdigunean, eta punkaren ikur bihurtu zen saltoki hura.

Familia xume batean jaio zen, Derbyshiren, 1941eko apirilaren 9an, eta bere jatorrizko izena Vivienne Isabel Swire zen. 16 urterekin, bitxien diseinurako ikastaro batean eman zuen izena, baina utzi egin behar izan zuen, ordaindu ezinda.

Lehen Hezkuntzako irakasle lanetan hasi zuen bere ibilbide profesionala, baina ordurako arropak diseinatzen zituen bere kabuz etxean. 21 urterekin Derek Westwoodekin ezkondu zen eta berak egindako soinekoa eraman zuen jantzita ezkontza egunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua argazkiak Moda Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa