Gizartea -

DONOSTIAKO HILKETA

Donostiako hilketa gaitzetsi du aho batez Hernaniko Udalak

Halaber, bihar, Donostiako Udalak deituta, Alderdi Ederren 12:00etan egingo den elkarretaratzearekin bat egin dute Hernaniko Udala osatzen duten taldeek. 24 urteko gazte hernaniarra labankadaz hil zuten atzo goizaldean.

Donostia, atzo. Argazkia: EFE
Donostia, atzo.
Lukas Agirreren hilketagatik atxilotutako hiru gazteak Antiguako ertzain etxean daude

1:48

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hernaniko Udalak aho batez gaitzetsi du Donostian atzo goizaldean izandako 24 urteko mutil hernaniarraren hilketa, eguerdian onartutako adierazpen instituzional baten bidez. EH Bildu, EAJ, Elkarrekin-Podemos eta PSE-EE taldeek adostutako agirian, biktimaren familiari eta gertukoei dolumina adierazi diete, eta bat egin dute hilketa salatzeko bihar Donostiako Alderdi Ederren 12:00etan egingo den elkarretaratzearekin.

"Hernaniko Udalak atsekabea adierazi nahi du Lukas Agirre Izko 24 urteko hernaniarraren heriotza dela eta. Eraso larri honen aurrean samina adierazi nahi dugu eta, hernaniar guztien izenean, Lukasen sendiari eta gertukoei gure doluminik beroena helarazi nahi diogu momentu latz hauetan", dio adierazpenak.

Eguberri egunean, 06:20an, topatu zuten Donostiako Okendo plazan gazte hernaniarra, arma zuriz zaurituta. Osasun langileak bertaratu ziren, baina gizona lekuan hil zen. Handik gutxira, hiru pertsona atxilotu zituzten —20 eta 26 urte artekoak—, gertakariarekin zerikusia zutelakoan. Epailearen aurrera noiz eramango zain daude.

Antza denez, erasoa Victoria Cafe izeneko lokalaren inguruan gertatu zen, elkarren artean ezagunak ziren bi talderen arteko borroka bortitz baten testuinguruan.

Ertzaintzak ingurua hesituta izan zuen hainbat orduz. Goizean zehar, karpa bat jarri, eta frogak bildu zituen, gertatutakoa argitzen saiatzeko. Besteak beste, odola topatu zuen Victoria kafetegian, baita zapatila beltz bat ere plazan.

Gaur Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak esan du herria "atsekabetuta" eta gertatukoa "sinetsi ezinda" dagoela.

Bere aldetik, Eneko Goia Donostiako alkateak argi utzi zuenez, atzo, "portaera larri horiek ez dute tokirik gure hirian, eta ez dugu horrelako jenderik nahi gure artean". Atsekabea adierazi zuen eta "doluminak eta elkartasuna" adierazi zizkion sendiari. "Bidegabekeria honen arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezatela lehenbailehen", gehitu zuen.

Atxilotutako hiru pertsonek epailearen aurrean deklaratu behar dute datozen orduetan. Hasiera batean, Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen: 28 urteko emakume bat eta 26 urteko gizonezko bat. Ondoren hirugarren batek, 24 urteko mutil batek, bere burua entregatu zuen amak lagunduta. Hirugarren hau omen da ustezko hiltzailea, eta EITBk jakin duenez, zigor aurrekariak ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Ertzaintza Gaurko albisteak Gipuzkoa Hernani argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa