Gizartea -
gabon gaua
Olentzerok eta Mari Domingik magia eta ilusioa banatu dituzte Euskal Herri osoko etxeetan zehar
Milaka haur eta helduk egin diete harrera ikazkinari eta artzainari, euskal geografia osoko herri eta hirietan.
eitb media
Olentzerok eta Mari Domingik gure etxeetan opariak, magia eta ilusioa banatu dituzte, larunbatean arratsaldean Euskal Herri osoko herri eta hiriak bisitatu ondoren. Donostiak, Gasteizek eta Iruñeak larunbat honetan jaso dituzte, eta Bilbok gauza bera egin zuen ostiralean.
Ikazkina eta artzaina menditik heldu dira txikienen gutunak jasotzera eta, Bizkaiko eta Nafarroako hiriburuen kasuan, hiru urtean lehen aldiz desfilatu dute. Gaur gauean, eguraldi lasaia izango dute lagun ohiko banaketa egiteko, tenperatura goxoekin.
Bilbon, Carlton hoteletik Arriaga plazaraino egin zuten ibilaldia ostiralean, eta gaur goizean ere ehunka haur hurbildu dira ilusioz Olentzerok eta Mari Domingik Arriaga Antzokian eskaini duten tradiziozko harrerara.
Larunbat honetan, Urgul menditik Donostiako kaleetara jaitsi dira oinez, Ijentea kaletik Boulevarderaino desfilatzeko.
Gasteizen ere, Iparragirre Gizarte Etxetik Andre Maria Zuriaren plazaraino desfilatu dute, euskal mitologiako pertsonaia ugariz lagunduta.
Iruñearen kasuan, Iturralde y Suit kaletik hasi dute ibilbidea, eta puntu berean amaitu dute kalejira, hiriko haurrek lagunduta, gaur gauean etxean zer utziko duten zain.
Olentzero eta Mari Domingi duela astebete, abenduaren 17an, agertu ziren lehen aldiz Baionako kaleetatik. Aturri eta Errobin barna txalupan heldu ziren eta, jarraian, Lapurdiko hiriburuko kaleetan gazteenak agurtu eta haien eskaerak entzun zituzten.
Gainera, euskal geografia osoko herri ugarik ere beren desfile propioak egin dituzte gaur.